Udal eta foru hauteskundeak. Araba

EH Bilduk irabazi du Gasteizen

Zazpi eserleku lortu ditu EH Bilduk, sei PSEk, eta beste sei PPk. EAJk jaitsiera nabarmena izan du; garaile zena 2019an laugarren da orain. Gasteizen emakumezko batek alkatetza hartuko duen lehenengo aldia izango da

jone arruabarrena
2023ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Rocio Vitero EH Bilduko hautagaiak lortu du boto gehien Gasteizko udal hauteskundeetan, bozen %22,8 eta zazpi eserleku eskuratuta; PSE-EEko hautagai Maider Etxebarriak hurbiletik jarraitu dio: bozen %21,9 eta sei ordezkari lortuta. PP izan da hirugarren indarra: botoen %20,05 eta sei eserleku lortu ditu Ainhoa Domaikaren hautagaitzak. EAJk, berriz, eserleku bat galdu du, eta laugarren postura jaitsi da, botoen %19,7 bereganatuta. EH Bilduk lehen aldiz irabazi ditu Gasteizko Udalerako hauteskundeak. Dena den, EAJren eta PSE-EEren arteko balizko koalizio batek hamabi zinegotzi bilduko lituzke, eta beraz, koalizio abertzaleak ez du erraza alkatea eskuratzea. Edozein moduz, emakume bat alkate izango duen hiriburu bakarra izango da.

Lehia estua izan da EH Bilduren eta PSE-EEren artean; lehenak eserleku bat gehiago lortu du azkenean, baina 936 botoren aldearekin soilik, eta bigarrenak sei eserlekuak mantendu ditu. 2019ko hauteskundeekin alderatuta. EH Bilduk 316 boto irabazi ditu 2019tik, eta PSEk, aldiz, 1.615 galdu ditu. PPk ere gora egin du—243 boto gehiago jaso ditu oraingoan—, eta eserleku bat gehiago bereganatu du azken hauteskundeekin alderatuta.

EAJk izan du beherakada nabarmenena: lehen indarra izan zen 2019an, eta laugarren lekuan gelditu da orain. Gorka Urtaranen hautagaitzak duela lau urte baino 6.787 boz gutxiago jaso ditu Artolazabalek, eta zinegotzi bat ere galdu du —zazpi zituen EAJk, eta sei izango ditu orain—.

Elkarrekin Podemosek, berriz, 4.032 boz galdu ditu —botoen %7,1 bereganatu du oraingoan—, eta duela lau urte baino eserleku bat gutxiago izango du Garbiñe Ruizen hautagaitzak. Aldiz, gorakada nabarmena izan du ultraeskuinak Gasteizen. Elkarrekin Podemosen atzetik geratu da, seigarren postuan: joan den agintaldian 1.704 boto lortu zituen Voxek, eta aurtengoan 4.194 bozlortu ditu, udalean eserlekurik lortu ez duen arren.

Parte hartzea Hego Euskal Herri osoan jaitsi den arren, Araban izan da denetan parte hartze txikiena. Gasteizen, abstentzioa %41,9koa izan da, eta 2019an%36,8koa izan zen. Hots, bost puntu igo da. Inkestek aurreikusten zuten %39aren bueltan ibiliko zela abstentzioa.

Inkestek lehia estua iragarria zuten Gasteizen, baina EAJren eta EH Bilduren artean gertatuko zelakoan. Zazpina zinegotzi ematen zizkien EITB Focusen inkestak. Koalizio abertzaleak zinegotzi bat gehiago lortuko zukeen haren arabera, etabotoen %24,4. Jeltzaleek botoen %23,7 eskuratuko zituzkeen. Inkestek iragarritakoa baino handiagoa izan da EAJren jaitsiera, eta PPk ere inkestetan esperotakoa baino emaitza hobeak izan ditu.

Aurtengo hauteskundeek buelta eman diote Gasteizen orain arte egondako joera historikoari. EAJren eta PPren arteko lehia izan da nagusi azkeneko urteetan, eta PSE-EE hirugarren postuan geratzea izan da ohikoena orain arte. 2019ko hauteskundeen ondoren PSE-EEk eta EAJk akordioa lortu zuten, eta bien artean Gasteizko Udaleko 27 eserlekuetatik hamahiru bereganatzeko adina lortu zituzten orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.