"EH Bilduk lanpostu publikoak sortzeko prozesu bat babestu zuen, eta horiek suntsitzeko. Baina EITBko erregulazio espedienteak apurtu egiten du akordioa, eta atea isten die sindikatuekiko negoziazioei"; hala argudiatu du EH Bilduko parlamentari Unai Urruzunok Maite Iturberen dimisioa eskatzeko erabakia.
Datorren ostegunean aurkeztuko dute eskaera legebiltzarrean. Ez dira izan, ordea, Iturberen dimisioa eskatzen bakarrak, sozialistek ere EITBko zuzendariaren kargugabetzea eskatu zuten joan den azaroan, euren proposamenak kontuan ez hartzea egotzita. PSE-EE, PP eta UPDren botoak ez ziren aski izan, ordea, EITBko zuzendaria kargutik kentzeko.
Ordu hartan, EH Bilduk bat egin zuen jeltzaleekin, argudiatuta zuzendari aldaketak ez zuela arazoa konponduko, baldin eta aurretik legea bera aldatzen ez bazen. Orain, baina, EH Bilduren jarrera aldaketak oposizioko gainontzeko alderdien babesa lortuko balu, gutxiengoan geratuko litzateke EAJ.
UPDk dagoeneko iragarri du bat egingo duela dimisio eskaerarekin. EITB "euskal nazionalismoaren zerbitzura jartzea" egozten dio alderdiak Iturberi.