Aurrekontuak

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztuko dio Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari

Maddalen Iriartek salatu du EAJk PP aukeratu duela bidelagun, eta jeltzaleei aurpegiratu die 155. artikuluaren aldekoekin "menage à trois" bat egitea.

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailea. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
edurne begiristain
2017ko azaroaren 23a
15:17
Entzun

EH Bilduk herenegun aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzari EAEko aurrekontu proiektuaren inguruko bere proposamena (220 milioi euroko balioarekin), baina gaur Maddalen Iriarte eledunak aitortu du EAJk "danbatekoa" eman diola koalizioarekin akordioa lortzeari. Salatu duenez, jeltzaleek "ateak itxi" dizkiote EH Bildurekin edozein akordio lortzeari, eta nahiago izan dute PPren eskaerei "men egitea". Hori hala, Iriartek jakinarazi du EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztuko diola Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari. "Gure hipotesi bakarra da osoko zuzenketa aurkeztea. Ez dago bestelako biderik, EAJk beste behin ere herri honen gehiengoari muzin egin diolako eta 155.aldekoekin menage à trois bat egitea erabaki duelako".

Iriarteren ustez, "herri akordio handiak" lortzeko garaia da egungoa, baina hori ezin da egin erabakitzeko eskubidea ukatu eta 155. artikulua ezartzearen alde dauden indarrekin bat eginez. Gainera, zerga erreformaren inguruan PPrekin "bi egunetan" ados jarri izana salatu du Iriartek. "Zergatik ez da posible izan azken urtebetean EH Bildurekin zerga erreforma bat adostea, eta bi egunetan PPrekin ados jartzea bai?", galdetu du.

Aurrekontuetan akordiorik posible ez bada ere, bestelako gaietan EAJri akordioetarako eskua luzatuta jarraitzen du EH Bilduk, Iriartek azpimarratu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.