Puntu beroak

EH Bilduk Tolosako eta Aguraingo alkatetzak kendu dizkio EAJri

PPk Mañuetako alkatetzari eutsi dio, eta Navaridas galdu du. EH Bildu lehen indarra da Arrasaten, Durangon eta Gernika-Lumon. PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek gehiengo osoa galdu dute Irunen. Ezkerraldean, EAJk lortu du boto gehien, baina zenbait zinegotzi galdu ditu.

EH Bilduren Arrasateko alkategai Maider Morras, kanpainan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko maiatzaren 28a
21:43
Entzun

Hiriburuetako gorabeheretatik haratago, hauteskundeek aldaketak eragin dituzte Hego Euskal Herriko udalerri askotan. Emaitzek gobernu eredu berriak osatzeko aukera utzi dute zenbaitetan, eta egungoak indartzekoa beste batzuetan.

Ikusi gehiago:Emaitza guztiak ikusi

Ekainaren 17ra bitarteko tartea izango dute orain alderdiek akordioak egiteko. Gehiengo osoak osatzeko adinako adostasunik izan ezean, berriz, boto gehien duten zerrendetako buruek hartuko dute gidaritza.

Arabako Errioxa

Herri txikienetako emaitzak izan dira iristen lehenak. Arabako Errioxan, PPk zituen udaletako bati eutsi dio, Mañuetari, baina Navaridas galdu du; EAJk eskuratu du. Bastidan eta Guardian gehien bozkaturiko alderdia izan da PP, baina bi udalerri horietan ez du gehiengorik eskuratu. Duela lau urte, EH Bilduk bide eman zien EAJren alkatetzei, eta gauza bera egin dezake orain. Oionen ere ikusteko dago nork aginduko duen. EH Bilduk bost zinegotzi eskuratu ditu 11tik; EAJk, hiru; PPk, bi; eta PSE-EEk, bat.

Samaniegon, berriz, EH Bilduk izango du gehiengo osoa: koalizioak lau zinegotzi izango ditu, eta EAJk hiru. Hala, ez da gobernu aldaketarik izango. Izan ere, 2019ko hauteskundeak EAJk irabazi zituen arren, PSE-EEk EH Bilduren hautagaitza babestu zuen: orain, sozialistak udaletik kanpo geratu dira.

Durango

Zenbaketa amaituta, EH Bilduk bi zinegotzi gehiago —denera, bederatzi— eskuratu ditu Durangon (Bizkaia), eta lehen indarra bilakatu da. Halere, udal gobernua gal dezake, Elkarrekin Podemos —orain arte bazkide izan duena— ordezkaririk gabe geratu baita. EAJk zortzi eserleku izango ditu, eta PSE-EEk, bi. Ordezkari bana eskuratu dute PPk —ez du ordezkaririk izan azken legealdian— eta Herriaren Eskubidea plataformak.

Gernika-Lumo

Jose Mari Gorroño da Gernikako udal politikako izena. Hura da alkate 2007tik; lehenik EAren zerrendaburu gisa, gero EH Bildurekin, eta 2015etik berak eratutako Eusko Abertzaleak taldearen eta EAJren arteko koaliziorekin. Halere, boz hauetarako hautsi egin dute koalizioa eta Gorroño Guztiontzako Herria izeneko zerrendarekin aurkeztu da. Gauzak hala, udal batzarrak hiru kolore izango ditu aurrerantzean. EH Bildu lehen indarra izango da, baina eserleku bat galduta. Zinegotzi kopuru bera izango du Guztiontzako Herriak, eta bat gutxiago EAJk. Beraz, akordioek erabakiko dute alkatea nor izango den.

Tolosa, Agurain eta Lekeitio

EITBren inkestak aurreikusitakoa bete da Tolosan (Gipuzkoa) eta Agurainen (Araba). EH Bilduk gehiengo osoa eskuratuko du bi herrietan: hamazazpitik bederatzi zinegotzi Tolosan, eta hamahirutik zazpi Agurainen. Bi kasuetan EAJri kenduko lioke irabazitako eserlekua; Tolosan, PSE-EEk egun duenari eutsiko dio. Antzera gertatu da Lekeition (Bizkaia) ere: EH Bilduk aurrea hartu die jeltzaleei, eta gehiengo osoa eskuratu du.

Arrasate

Duela lau urte 300 botok erabaki zuten Arrasateko (Gipuzkoa) zerrenda bozkatuena nor izango. Orduan, EAJ gailendu zen. Gaur, baina, EH Bilduk aurrea hartu dio. Koalizio subiranistak hamar zinegotzi —bi gehiago— eskuratu ditu, eta jeltzaleek bi gutxiago —bat galduta—. PSE-EEk ere bat galdu du, eta birekin geratu da. Gauzak hala, EH Bilduk Elkarrekin Podemosen babesa —zinegotzi bat du— behar du gehiengo osoa izateko.

Laudio

Laudion (Araba), EAJk duela lau urteko garaipena berritu du, eta zinegotzi kopuru bera izango du: zazpi. Eserleku bat galdu du, ordea, PSE-EEk, eta bakarrarekin geratu da. Beraz, gehiengo osoa —bederatzi zinegotzi—galdu du bien arteko baturak, eta Omnia herri ekimeneko zinegotziek izango dute alkatetzaren giltza. Talde hark egungo hiru eserlekuak mantendu ditu, eta EH Bilduk sei izango ditu —azken legealdian baino bat gehiago—. Bien artean gehiengoa lukete.

Galdakao

Usansoloren desanexioak eta Aranzadiren oroimen webguneek jarri dute eztabaida politikoaren erdigunean Galdakao (Bizkaia). EH Bildu izango da, baina, udalerri hartan gorakada nabarmena izango duen taldea. Botoen %58 zenbatuta, koalizio subiranistak hamar zinegotzi eskuratuko lituzke, gehiengo osotik bakar batera; azken legealdian sei izan ditu. Egungo sei ordezkariak mantenduko ditu EAJk, eta PSE-EEk bat gehiago eskuratuko du; hiru, denera. AZK plataforma, berriz, lau ordezkari izatetik bi izatera igaroko da.

Andoain eta Pasaia

Andoainen eta Pasaian (Gipuzkoa) gobernu aldaketak izan daitezke: PSE-EEtik EH Bildura. Boto guztiak zenbatuta, EH Bilduk zortzina zinegotzi eskuratu ditu bi udalerri horietan. Kopuru bera du bietan PSE-EEren eta EAJren arteko baturak ere. Azken hautetsia, berriz, Elkarrekin Podemos koalizioarena da bi herrietan.

Tafalla, Lizarra eta Barañain

Navarra Suma koalizioa bananduta, EH Bildu bilakatu da lehen indarra Tafallan; sei eserleku lortuta, alkatetza eskura izan dezake. Izan ere, UPN da bigarren indarra, eta hark bost eserleku ditu. PSNk haren alde egingo balu ere, EH Bilduk Inport plataformaren, Zurekin Nafarroaren eta Geroa Bairen babesa jaso dezake, gehiengo osoa eskuratzeko —zinegotzi bana izango dute—.

Lizarran eta Barañainen bestelakoa da egoera. UPNk irabazi du bietan, baina giltza PSNk izango du. Lizarran, UPNk eta PPk zortzi eserleku dituzte, eta EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak zazpi. Sozialistek dituzte beste biak. Barañainen, berriz, UPNren eta PPren artean zazpi zinegotzi dituzte, eta EH Bilduk, Zurekinek eta Geroa Baik sei. PSNk, berriz, lau.

Irun

Gipuzkoako udalerririk handienetan bigarrenean, Irunen, PSE-EEk lehen postuari eta egun dituen hamar zinegotziei eutsi die. Halere, gobernu koalizioko beste kideak, Elkarrekin Podemosek zituen eserlekuen erdiak —bi— galdu ditu, eta gehiengo osotik eserleku batera geratu da bien arteko batura. EH Bilduk eta PPk bereganatu dituzte horiek: koalizio subiranistak lau zinegotzi izango ditu, eta PPk bi. EAJk, berriz, egungo zazpiekin jarraituko du.

Eibar eta Ermua

PSE-EEk lehen postuari eutsi dio Eibarren (Gipuzkoa) eta Ermuan (Bizkaia), nahiz eta Gipuzkoako udalerrian zinegotzi bat galdu. Bietan ere EH Bildurena izan da gehien bozkaturiko zerrendetan bigarrena, eta zinegotzi bat gehiago izango du bi udaletan. Hirugarren EAJ izan da bietan, Ermuan zinegotzi bat galduta. Elkarrekin Podemosek ere bi udalerrietan eutsi die azken bozetako emaitzei, eta PPk zinegotzi bat gehiago eskuratu du Ermuan.

Ezkerraldea

PSE-EEk indar hartu du Portugaleten (Bizkaia), eta, garaipena berritzeaz gain, gehiengo osoa eskuratu du. Barakaldon, berriz, EAJ nagusitu da, duela lau urteko emaitza berdinduta. Bi udalerri horietan, gainera, EH Bildu hirugarren zerrenda bozkatuena bihurtu da, Elkarrekin Podemosi aurre hartuta. Koalizio subiranistak, gainera, Alonsotegiko alkatetza eskuratu du, gehiengo osoa bereganatu baitu udalerri hartan. Duela lau urte ere gehien bozkaturiko zerrenda izan zen, baina PSE-EEk EAJren hautagaiaren alde egin zuen. Sestaon eta Santurtzin jeltzaleek irabazi dute, baina bi udalerrien artean zazpi eserleku galduta: hiru Santurtzin eta lau Sestaon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.