EH Bilduk zuzenketen ardatz ditu euskara eta segregazioa

EAEko Hezkuntza Lege proiektuaren sei esparrutan eragin nahi du koalizioak egindako ekarpenekin

Pello Otxandiano atzoko agerraldian. BERRIA.
2023ko irailaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
DONOSTIA. Urriaren 3an bukatuko da EAEko Hezkuntza Lege proiektuari zuzenketak aurkezteko epea, eta EH Bilduk atzo aurkeztu zituen bere zuzenketen nondik norakoak. Donostian eskainitako prentsaurreko batean, Pello Otxandiano EH Bilduren programa zuzendariak azaldu zuen Hezkuntza Legeak «sakontasun politiko handia» duela nazio ikuspegi batetik, eta udazkenean lege horren eztabaida «une erabakigarri batean» sartuko dela.

Koalizioaren ustez, lege horrek baditu «sakondu» beharreko sei esparru, eta horiek zuzenketen bidez hobetzeko asmoa du orain. Batetik, Euskal Hezkuntzako Zerbitzu Publikoa eskaintzen duten ikastetxeek «eskubideak eta betebeharrak» dituzten heinean, EH Bilduk iritzi dio legeak ongi zehaztu beharko lukeela nola bermatu eskubide guztiak betebeharrak betetzen ez direnean. Bestetik, EH Bilduk uste du euskarri juridikoak definitu beharko direla ikasketak amaitzean ikasleak bi hizkuntza ofizialetan B2 eta atzerriko hizkuntza batean B1 mailarekin atera daitezen. Otxandianok azaldu zuenez, hezkuntzako hizkuntza ereduen eztabaida gaindituta dago: harago egin behar da. Baina, hain justu ere, horretarako zer «arkitektura» behar den ondo zehazteko garaia da hau.

Eskola segregazioari aurre egiteko herri ituna planteatzeko abagunea dela iritzi dio EH Bilduk, halaber. Hortaz, zuzenketetan egiturazko neurriak eskatuko ditu segregazioa amaitzeko. Horrez gain, EH Bilduk zehaztapen gehiago eskatuko ditu ikastetxeen autonomia bermatzearen inguruan, eta definizio «zorrotzagoa» sistemaren gobernantza mekanismoen gainean. Digitalizazioari buruzko hausnarketa ere mahai gainean jarri nahi du koalizioak zuzenketetan. Otxandianok gaineratu zuen eskola publikoaren beharrak ongi jaso behar dituela legeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.