EH Bilduren ustez, «ezin da EAJren zain egon denbora gehiago»

Espainiako Estatuan lurralde ereduari buruz eztabaidatzea «lehentasun bat» da EH Bildurentzat. «Herri akordio historiko bat» egitea proposatu dio lehendakariari.

EH Bilduko arduradun politiko nagusiak, gaur, Donostiako Miramar jauregian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko irailaren 15a
17:39
Entzun

Ikasturte politikoa hasia dute ja Hego Euskal Herriko erakunde eta alderdi politiko guztiek. Hasiera hori ordezkatu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean egin zuten Politika Orokorrerako osoko bilkurak. Gaur, ordea, alderdien adierazpenak ez dira eten. EH Bilduk ikasturte politikoaren hasierako bilera egin du Donostiako Miramar jauregian. Nerea Kortajarena EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea kritiko azaldu da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren agintaldiarekin: «Lehendakariak eta Jaurlaritzak ez dute misiorik, bisiorik ezta anbiziorik. Puntu honetara iritsita, herri honen zati honek ezin du EAJren zain egon denbora gehiago».

Datorren urterako daude aurreikusita Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta, EH Bilduk egin bezala, beste alderdi batzuek ere kritikatu dute EAJk eta PSE-EEk osatutako Jaurlaritza. Esaterako, PPk. «Urkulluk gobernua birmoldatu beharko luke, bere sailburu asko erreta daudelako, eta ez direlako gai Euskadiren arazoak konpontzeko», esan du gaur Carlos Iturgaizek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPren buruak, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Miren Gorrotxategik, Elkarrekin Podemosen Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, bozei buruz hitz egin du Euskadi Irratian: «Indarrez ikusten naiz hauteskundeetara berriz aurkezteko, baina primarioak egiten ditugu».

Hala ere, gaurko ekitaldi politikorik esanguratsuena EH Bilduk egindako bilera izan da. EH Bilduko zuzendaritza politikoak bilera egin du Eusko Legebiltzarreko, Nafarroako Parlamentuko eta Espainiako Gorteetako talde parlamentarioekin, hasi berria den ikasturte politiko helburuak eta lan ildoak eztabaidatzeko eta adosteko. Erakunde desberdinetako talde parlamentarioen «erlojuak sinkronizatzea» izan da bileraren helburua, Unai Urruzuno EH Bilduko politika instituzionaleko arduradunaren arabera.

Lurralde eredua

EH Bilduk lehentasuntzat jo du Espainiako Estatuan lurralde ereduari buruzko eztabaida zabaltzea. «Horretarako, beharrezkoa ikusten dugu estatuko independentisten eta subiranisten arteko artikulazioa bilatzea. Lan egingo dugu eztabaida zabaldu eta gure nazioen aitortzan urratsak egiteko», esan du Urruzunok. Gaineratu du eztabaida hori bideratzeko «ezinbestekoa» dela «akordioak» erdiestea Euskal Herriko erakundeetan.

Zentzu horretan, Kortajarenak nabarmendu du EH Bilduk «herri akordio historiko bat» erdiesteko «eskua luzatu» diola Urkulluri, nazio auziari bide emateko: «Gu prest gaude eztabaida nazional bat emateko, Euskal Herriaren izaera nazionala aitortua izan dadin, eta gure erabakitzeko eskubidea errespetatua izan dadin. Uste dugu hori herri bezala egin behar dugula».

Herri itunez gain, «estatu itunez» ere hitz egin du Urruzunok, agenda sozialari dagokionez: «Garaiko erronkek erantzun partekatuak behar dituzte. Jakitun gaude batzuk egiturazkoak direla, eta horiek guztion erantzunak bilatzen dituztela. Estatu itunak erdiesteko eta garatzeko gure eskua luzatuko dugu, kontziente garelako konplexuak direla, eta guztion erantzunak behar dituztela».

Laura Aznalek ere hartu du hitza Miramar jauregiko eskaileretan. EH Bilduren Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak esan du Nafarroan hasi berri den legealdian «erabakigarriak» izango direla: «Eskuinaren aurrean gehiengo aurrerakoia ahalbidetu dugu, gure abstentzioaren bidez. Gure konpromisoa ez da osatutako gobernuarekin; herriarekin eta jendearekin da».

Mertxe Aizpuruak, Espainiako Kongresuko eledunak, esan du EH Bildu ez dela «oztopo bat» izango, Pedro Sanchezek Espainiako Gobernua osatzeko saiakera egingo balu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.