EHEk «Euskararen Errepublika» aldarrikatuko du abenduaren 6an, Durangon

'Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika' lelopean egingo dute mobilizazioa.

EHEren agerraldia, gaur goizean, Durangon. ARITZ LOIOLA / FOKU
EHEren agerraldia, gaur goizean, Durangon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
2025eko urriaren 2a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek abenduaren 6an manifestazioa egingo du Durangon (Bizkaia), «estatu propioaren gabezia» nabarmentzeko. «Euskararen Errepublikaren alde» egingo duten manifestazio hori Durangoko Landako gunetik abiatuko da, Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean. 

Gaur egin dute mobilizazioaren berri emateko agerraldia, eta, esan dutenez, euskararen eta euskaldunen aurkako indarrak «bizkortu eta indartu» egin dira, eta «zenbait esparrutan» atzerapausoak eman dira.

Ohartarazi dute jarrera erreakzionario eta atzerakoiak indartzeak zalantzan jarri dituela giza eskubide ugari, hizkuntza eskubideak tartean, eta «berandu baino lehen» egoeraren larritasunaz jabetu beharra dagoela. Azaldu dutenez, orain dela urtebete euskalgintzako eragile nagusiek salatu zuten euskara larrialdian zegoela; bada, gaur adierazi dute igaro den urtean ez dela «aldaketa esanguratsurik» izan eta egoerak berdin dirauela.

«Euskara askapenerako eta justiziarako tresna gisa aldarrikatzen dugu, egungo sistemaren zapalkuntzak gainditzeko, eta horien aurka borrokatzeko bide modura», adierazi dute. Gaineratu dute Frantziako eta Espainiako estatuek «baliabide mugatuak» ezartzen dituztela Euskal Herrian euskara biziberritzeko, eta Euskal Herri euskalduna eraikitze bidean «ezinbestekoa» ikusten dutela independentzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.