EHKSk ekitaldi politiko bat egingo du irailaren 27an Zarautzen, Txiki eta Otaegi omentzeko

'Atzoko eta gaurko faxismoaren aurka' lelopean egingo dute ekitaldia. Abenduaren 6an mobilizatzeko deia ere egin dute, Durangon.

Azpeitian egindako aurkezpena, gaur. EHKS
Azpeitian egindako aurkezpena, gaur. EHKS
2025eko irailaren 11
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira, EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ekitaldi politiko bat egingo du irailaren 27an, Zarautzen (Gipuzkoa), Atzoko eta gaurko faxismoaren aurka lelopean. EHKSko kideek agerraldia egin dute Azpeitian (Gipuzkoa), Otaegiren sorterrian. Han, Peio Ormazabal eledunak adierazi du eurentzat «lehen mailako egitekoa» dela «Euskal Herriaren askatasunaren alde eta frankismoaren aurka» borroka egin zuten militanteak omentzea. «Ezinbesteko zeregina», aipatu du Garazi Navarro alderdikideak, eta esan Txiki eta Otaegi ez ezik haiekin batera fusilatutako FRAPeko hiru kideak ere oroituko dituztela.

1975etik aurrerakoei so, Kontseilu Sozialistako kideek salatu dute 1978ko erregimena frankismoaren jarraipen bat izan dela, «burgesiaren boterearen berme» delako, eta «borondate nazionalak ukatu eta zapalkuntzak betikotu» dituelako. Eta, horrekin batera, gogor kritikatu dute PPk, PSOEk eta EAJk Txikiren eta Otaegiren omenezko propagandaren aurka erakutsitako jarrera. Horiek hala, dei egin du erregimena «elikatzen duten instituzioen» aurka borroka egitera.

EHKSk beste mobilizazio baten berri ere eman du. Ane Ibarzabal eledunak azaldu du Durangon (Bizkaia) mobilizatuko direla abenduaren 6an, Espainiako Konstituzioaren egunean, «langileon haustura politikoa aldarrikatzeko». Haren hitzetan, faxismoa iraganeko kontu bat izatetik urrun dago, «egungo krisi testuinguruan» tokiak bereganatzen ari delakoan: «Alderdi tradizionalen ezintasunetik indartu eta bere burua alternatiba apurtzaile bezala aurkeztea lortzen ari da».

Horri dagokionez, Ibarzabalek adierazi du ezin direla parekatu antifaxismoa eta PSOEren gobernua babestea, mugimendu hori ahultzea dakarrelako. Era berean, nazio auziari erreparatuz, «iruzur autonomikotzat» jo du EAJ, EH Bildu eta PSOE adosten ari diren estatutu politiko berria. Haren esanetan, Espainiako Estatuak ez du autodeterminazio eskubidea onartuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.