EHU Euskal Herriko Unibertsitateak ba al du harremanik Israelekin? Eta genozidioa sostengatzen duten enpresekin eta bestelako eragileekin? EHU Palestina taldea baizkoan dago, eta horren gaineko informazio zehatza galdegin dute. Taldeko kideak dira Maribel Nieto (Brion, Galizia, 1963), Aratz Soto (Donostia, 1991) eta Iker Lauzirika (Elgoibar, Gipuzkoa, 1999). Argi utzi dute ez direla bozeramaileak, eta EHU Palestinan dauden taldeen ordezkari gisa egin dutela elkarrizketa: Nieto Tekazel Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako langilea da; Soto, irakaslea; eta Lauzirika, ikaslea. Talde «zabala» direla nabarmendu dute, baita bertara batzeko deia egin ere.
Esana duzue EHUk ere baduela ardura Israel Palestinan egiten ari den genozidioan. Zertan?
Maribel Nieto: Unibertsitatea hezkuntza zentro bat da, baina harreman ekonomiko-komertzialak ere badaude beste erakunde batzuekin, eta eskatzen dugu ondo aztertzea noraino iristen den gure konplizitatea. Izan ere, unibertsitatean ikertu ere egiten da, eta harremanak sortzen dira beste ikertzaile talde eta unibertsitate batzuekin.
Iker Lauzirika: Boikot akademikoak zera dio: Israelgo entitate akademikoekin harremanak hautsi behar direla, Israelgo akademiak estatuaren egituraren parte bat sostengatzen baitu, arabiarrei diskriminazio larri bat egiten baitie, baliabideak ematen baititu genozidioa ahalbidetzeko...
Aratz Soto: Gardentasun falta ikusi dugu. Ez dago informaziorik harreman horien inguruan, zeintzuk diren eta noraino iristen diren. Horregatik esaten dugu EHUk oraindik badituela harremanak Israelekin eta haren konplizeekin. Helburua da EHUk harreman oro etetea ahalik eta azkarren Israelekin eta haren konplizeekin.
«EHUk oraindik ere baditu harremanak Israeleekin eta haren konplizeekin»
ARATZ SOTO EHU Palestinako kidea
Zer harreman daude gaur egun Israelekin eta genozidioa babesten duten enpresekin?
Soto: Kasu esanguratsuena eta bistakoena CAF enpresa da. EHUk CAF Ikasgela dauka Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Beste zenbat kasutan kolaboratzen du EHUk Israelekin edo Israelen konplizeekin? Begi bistako beste kasu bat Horizon proiektuak dira. Hainbat parte hartzaileko proiektuak dira —ikerketa taldeak, unibertsitate institutuak, enpresak...—, eta nazioarteko sare bat egiten dute, proiektu komun bat aurkezteko; batzuetan, atzeman da EHUk Israelgo erakundeekin batera parte hartzen duela edo parte hartu izan duela. Israelgo Estatua eta haren jarduna normalizatzeko balio dute. Boikot akademikoaz gain, erabateko boikota egin behar zaio Israelgo Estatuari eta haren konplizeak diren erakunde guztiei; hori eskatzen diogu EHUri. Halere, arazoa da ez dakigula zer harreman dauden, ez dagoelako gardentasunik. Adibidez, errektoreak esan zuen —ontzat jo genituen hainbat adierazpen— utzi diotela kontratu batzuetan parte hartzeari-eta. Baina zeintzuk dira kontratu horiek?
Lauzirika: Esan zaigu ukatu direla harremanak, baina ez dakigu proiektu horietan parte hartzekoak ziren eta azkenean ez duten parte hartu edo lehendik parte hartzen ari ziren eta bertan behera utzi dituzten.
Nieto: Dokumentazioa egon badago, baina ez denon eskura. Horregatik eskatu genuen batzorde bat eratzea, hori dena ikertzeko. Uste dut konturatzen ari garela errazagoa dela boikot akademikoa egitea, Israelgo unibertsitateekin haustea, zeharkako harremanak moztea baino. Eta CAFen kasuan argi ikusten dugu. Unibertsitatea pisu handiko elefantea da, baina lotuta dago, Eusko Jaurlaritzak lotzen duelako; hau unibertsitate publikoa da, eta finantzaketa, neurri handi batean, hortik dator. [Imanol] Pradalesek esan du, gutxi gorabehera, CAF ezin dela ukitu. CAFena oso argia da, seinalatuta dago, eta, halere, gure unibertsitatean ez dago adierazpenik esateko: «Horrela ezin da segitu».
EHUk behar besteko irmotasunez jardun al du genozidioaren aurka?
Soto: Ez, berandu ibili da. Genozidioaren harira, lehen adierazpena 2024ko apirilean egin zen —aurreko errektoretza taldea zegoen boterean—: manifestu bat onartu zen hondamendi humanitarioaren harira, eta Gazan gertatzen ari zenari egin zitzaion erreferentzia.
Lauzirika: Eta presionatuta egin zuten. Batzorde bat egotea nahi genuen 2024ko apirilean; ezetz esan zitzaigun, eta oso mozio orokorra onartu zuten.
Soto: Unibertsitatea kaleko presioaren ondorioz mugitu da; haizea alde zeukanean egin ditu gero eta aldarrikapen irmoagoak. Horiek horrela, jarraituko dugu presioa egiten hainbat bidetatik.
Lauzirika: Iruditzen zaigu positiboak direla pauso batzuk, eta, agian, beste errektoretza batekin ez lirateke posible, baina zekarten aldaketak exijitzen du pauso irmoagoak ematea eta gaia serioago hartzea.
«Iruditzen zaigu positiboak direla pauso batzuk, eta, agian, beste errektoretza batekin ez lirateke posible, baina zekarten aldaketak exijitzen du pauso irmoagoak ematea eta gaia serioago hartzea»
IKER LAUZIRIKA EHU Palestinako kidea
Errektoretza taldeak esan zuen bertan behera geratu direla 247 milioi euroren ikerketa proiektuak. Lan batzorde bat sortzea ere aipatu zuen, harremanak aztertzeko. Mugak ikusten dizkiozue. Zergatik?
Nieto: Ez da beteko eskatzen genuen puntu garrantzitsu bat: batzorde loteslea izatea. Gardentasunaren inguruan ere susmoak dauzkagu: ea informazio guztia eskura izango dugun. Parte hartzea erabaki dugu, eta ea zer gertatzen den.
Lauzirika: 15-16 pertsonakoa izango da, eta 11 edo 12 instituzioaren parte dira: Ikasle Kontseilua, dekanoak, errektoreordetzak, idazkari nagusia... Ez dakit zer egitura beharko litzatekeen, baina guk proposatzen genuen, adibidez, gizarteko eragileek askoz pisu handiagoa izatea.
Hamasek eta Israelek berriki onetsi dute AEBek bultzatutako akordioa. Aurrerantzean, zer asmo daukazue?
Soto: Hamasen eta Israelen artean gertatzen dena palestinarrei dagokie; guri dagokiguna da, parte garen heinean, gure instituzioari exijitzea Israelekin dituen harremanak eteteko, eta horretan jarraituko dugu.
Nieto: Taldean ez dugu horren inguruko jarrerarik hartu; hauek iritzi pertsonalak dira. Gatazkak hor jarraitzen du, Palestinak behar duena ez da beteko honekin. Zer gertatuko da? Ez dakigu. Hor dago Saharako gatazka ere. Agian, eztabaida handiago bat sortu behar da unibertsitatean. Adibidez, Marokorekin dauden harremanak ere aztertu behar dira? Agian bai.
«Agian, eztabaida handiago bat sortu behar da unibertsitatean. Adibidez, Marokorekin dauden harremanak ere aztertu behar dira? Agian bai»
MARIBEL NIETO EHU Palestinako kidea