Hezkuntza

EHU munduko 400 unibertsitate onenen artean mantendu da

Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateak urtero egiten duen munduko unibertsitate onenen zerrendan segituko du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak. EHUk zazpi espezialitate ditu munduko lehen 200 unibertsitateen artean.

EHUko Zuzenbide fakultatea, Donostian. JON URBE/ FOKU
edurne begiristain
2022ko abuztuaren 15a
13:36
Entzun 00:00:0000:00:00

Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateak urtero egiten duen munduko unibertsitate onenen zerrendan segituko du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, zehazki 400 lehenengoen artean. EHU duela hamar urte sartu zen sailkapen horretan, eta orduan munduko 500 unibertsitate onenen artean sailkatu zen. Azken sailkapenaren arabera, 400 lehenengoen artean dago orain. Eva Ferreira EHUko errektoreak nabarmendu du «zoriontsu» egoteko moduko lorpena dela, eta nazioartean «ikusgarritasuna eta ospe bikaina» duen erakusle dela.

EHUk zazpi espezialitate ditu munduko lehen 200 unibertsitateen artean –iazko rankingean, berriz, sei zituen–. Munduko 150 unibertsitate onenen artean kokatu da hiru espezialitatetan: Ingeniaritza Metalurgikoa, Ingeniaritza Kimikoa eta Kimika. Eta 200 onenen artean beste lautan: Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Materialen Zientzia eta Ingeniaritza, Nanozientzia eta Nanoteknologia, eta Matematika.

Shanghaiko rankingak, funtsean, unibertsitateen ikerketen eragina neurtzen du, eta baita haien nazioarteko ospea ere. 2012an egindako ebaluazioan agertu zen lehen aldiz EHU.

Unibertsitateen bikaintasuna neurtzeko nazioarteko erreferentzia den zerrenda hori osatu ahal izateko, kontuan izan dituzte Nobel saria eta Matematikako Fields dominak eskuratu dituzten irakasle edo ikasle ohiak dituzten unibertsitateak, ikertzaile oso aipatuak edo Nature edo Science aldizkarietan argitaratutako artikuluak. Guztira, 1.300 unibertsitate baino gehiago ebaluatzen dira, eta 500 argitaratu.



Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.