EHUk gizartea eta lurraldea «egituratzen» dituela esan du Eva Ferreirak

EHUren ikasturte hasiera ekitaldian, Urkulluk adierazi du %30 handitu dutela unibertsitate publikoaren finantzaketa azken bederatzi urteetan. LAB, Steilas, CCOO eta ELA sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute EHUko «prekaritate egoerak» salatzeko.

Iñigo Urkullu eta Eva Ferreira, gaur goizean, ekitaldia hasi aurretik elkar agurtzen. Atzean, irakasleak protestan. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2023ko irailaren 13a
16:14
Entzun

EHUk hasiera eman dio gaur ikasturte berriari Gasteizko Letren Fakultatean, ekitaldi solemne batean. Han izan dira, besteren artean, Eva Ferreira EHUko errektorea, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua. Hitzaldian, Ferreirak hizpide izan ditu EHUk ikasturte honetarako ezarri dituen helburu nagusiak. Erronken artean daude, besteak beste, lankidetza areagotzea gizartearekin eta enpresekin, fakultate eta eskola guztiek diziplina anitzeko prestakuntza proiektuetan parte hartzea, EHU-2030 agenda unibertsitate jarduera osoan txertatzea eta nazioarteko presentzia indartzea. Baina egungo errealitateari ere lotua dago unibertsitatea eta badauka zeregin bat gizartean, Ferreirak nabarmendu duenez: «EHU gure herriaren gizartea eta lurraldea egituratzen duen eragile bat da». Alde horretatik, azpimarratu du dibulgazioa, prestakuntza eta eztabaida jarduerak garatzen dituztela «lurralde osoan», eta ikasturte honetan unibertsitatearen presentzia «indartu» egingo dutela gizarte bazterkeria duten eremuetan.

Ferreiraren esanetan, pertsona guztien ongizatearekin eta aurrerabidearekin engaiatuta dago unibertsitatea, eta bere egiteko bat da «aliantzak» egitea eta «zubiak» eraikitzea zientzia, teknologia eta berrikuntzarekin. Hala ere, bada «hobetzeko» tarterik, EHUko errektorearen hitzetan: «Herri osoaren helburua da unibertsitate publikoa hobetzea». Uste du bikaintasuna lortzeko, zientzia eta teknologia sare «sendo» bat beharrezkoa dela eta hori lortzeko «aliantzak» ezinbestekoak direla. Bikaintasun horrek «gizarte hobekuntzetan» isla izan behar duela erantsi du.

Nazioarteari begira, ENLIGHT aliantza eta Bordeleko unibertsitatearekin sortutako mugaz gaindiko campusa jarri ditu adibide gisara, eta Shanghaiko rankingean EHUk duen posizioa horrekin lotu du. Bide horretan urrats gehiago ematearen alde egin du Ferreirak, besteak beste, garapen jasangarrirako helburuei lotutako egitasmoak, prestakuntza, ikerketa eta transferentzia bultzatuta.

Urkulluk, bere aldetik, EHUk euskal gizarteari eta Europari egindako ekarpena goraipatu du, eta gogoratu du aurten ere Shanghaiko rankingean munduko 500 onenen artean dagoela. EHUren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza eta akordioaren emaitzak «eraginkorrak» izan direla esan du, eta datu bat eman: Eusko Jaurlaritzak azken bederatzi urteetan EHUren oinarrizko finantzaketa %30 handitu duela. 1.570 milioi euroren inbertsioa aurreikusten du 2023-2025 aldirako Unibertsitate Planak, gogora ekarri duenez.

Lankidetza horren isla diren bestelako proiektuen artean, aipatu du datozen lau urtean unibertsitatearen ikerketa euskal hezkuntza sistema osora zabaldu nahi dutela, «zientzian eta bikaintasunezko ikerketan oinarritutako berrikuntzak landuz eta proposatuz»,

«Prekaritatearen» aurkako protesta
EHUren ikasturte hasiera hasi baino ordu erdi lehenago, protesta jendetsua egin dute hainbat irakaslek unibertsitatearen «prekaritatea» salatzeko. LAB, ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek deituta egin dute elkarretaratzea. Salatu dutenez, EHUko zuzendaritza ordezko kontratuen egoera «larritzen» ari da irakasle ikertzaileen kasuan. Unibertsitate sistemaren Lege Organikoa ezartzeak EHUko irakasle eta ikertzaileen lan baldintzak «okertu» dituela salatu dute. Jakinarazi dutenez, ardura osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoak lanaldi partzialekoak izatea erabaki du EHUk, lan hitzarmenak eta 41/2008 dekretuak jardun osokoak izatea ahalbidetzen duten arren. EHUren erabakiaren ondorioz, ardura osoko ikertzaileen ordezko berriei, askoz jota, soldata osoaren %34 ordainduko zaie, eta, beraz, ordezkoen urteko soldata gordina 7.584 eta 11.360 euro artekoa izango da.

«Orain arte egoera partzialean zeuden pertsonek larriki jasan dute prekaritatea, baina gaur egun handitzen ari da» salatu du Ortzi Akizu LAB sindikatuko kidea. Steilas sindikatuko Patxi Azpillagak, berriz, ohartarazi du prekaritatea ez doala lan baldintzen kaltetan, «baizik eta unibertsitate osoaren kaltetan». Kontatu duenez, egoera horrek dakar beste irakasle batzuk «aparteko lana» egin behar izatea, eta horrek antolakuntzan «desorekak» eragiten dituela.

ELAko Ane Bilbaok, bestalde, EHUren finantzaketa falta salatu du: «Gobernuak eta errektoretza taldeak unibertsitate publikorako finantzaketa zabalagoa dela dioen propaganda egiten dute, baina ez da horrela, Barne Produktu Gordinaren %0,4a da egun, eta legeak dio %1eko finantzaketa jaso beharko lukeela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.