Koronabirusa

EHUk irakasleei aholkatu die azken ebaluazioa era sinkronoan ez egiteko

Aurrez aurreko jardunera itzultzeko planaren zirriborroa ere egin du, eta babes materiala erosi

EHUren Leioako fakultatea, hustuta, apirilaren 13ko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
mikel p ansa
2020ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Duela ia bi aste erabaki zuten unibertsitateetako aurrez aurreko klaseak bertan behera geratuko zirela, eta pixkanaka argitzen ari dira azken ebaluazioak nola egingo dituzten. EHUk bere irakasleei agiri bat igorri die, ebaluazio horiek nola egin beharko liratekeen irizpideak emanez. Oro har, Euskal Herriko Unibertsitateak ebaluazio jarraituaren aldeko apustua egiten du, baina azken azterketak beharrezkoak diren kasuetan, modu telematikoan egitea eta, ahal dela, ikasleei azterketa modu sinkronoan ez egitea aholkatu du. Aholku orokorra da hori, eta orain ikastegi bakoitzak, gradu bakoitzak eta irakasle talde bakoitzak zehaztu beharko dute ebaluazioak nola egingo diren.

Egutegiari eutsi egingo dio EHUk. Hala ere, izan litezke salbuespenak, izaera esperimentala duten edota praktika klinikoak dituzten graduetan, adibidez. Presentzialak izan beharko dute proba horietako batzuek —betiere urruntze fisikoa, maskarak, aforo mugak eta abar aintzat hartuta—. Horiek ere, atzeratzekotan, ez dira ekainaren 25a baino geroago egingo, ordea. Eta proba horiek egin baino hamabost egun lehenago ikusiko balitz ez dagoela baldintza egokirik presentzialki egiteko, urrundik egiteko alternatibak pentsatu beharko dituzte.

Bestela, telematikoki egingo diren azterketentzat, gradu eta irakasle bakoitzak zehaztuko du ebaluazio sistemak nola egokitu. Irakasgai bakoitzean, aukeratu beharko dute azterketa bakarra edo batzuk egitea; eta ikasleak ordenagailuaren aurrean egotea modu jarraituan azterketa egiten, epe mugatu batekin, edo tarte zabalago batekin. Proba horien artean, ohiko azterketez gain, lanak, ariketak eta bestelakoak egiteko aukera ere jar dezakete.

Ebaluazio proba telematikoak egiteko bi modu izango dira funtsean: modu sinkronoan —ikasle guztiek batera— edo modu asinkronoan —ikasleei modu autonomoan proba ebazteko eskatuko diete—. Azken aukera horren alde egin du EHUk, Interneteko konexio arazoak-eta traba izan ez daitezen. EHUk azaldu du ebaluazioak online egiteko tresnek garatzeko asko dutela oraindik.

Edozein moduz, era sinkronoan ere egin ahal izango dira azterketa batzuk. Kasu horietan, eta azterketak gainditu beharrekotzat ezartzen badira, beste lan edo ariketa batzuk osagarri gisa aintzat hartzeko eskatu die EHUk irakasleei. Ebaluazioak zehaztean, elbarritasunak edo ezintasunak dituzten ikasleak eta Internetera ordenagailuz konektatzeko arazoak dituztenak gogoan hartzeko ere eskatu die.

Kamera aurrean

Ikasleak identifikatzeko, eGela erabiliko dute, eta irakasleak aukera izango du azterketa egiten ari den irakasleari identifikatzeko eskatzeko: ordenagailuaren kamera pizteko eskatu ahal izango dio, horretarako. EHUk, baina, baztertu egin du aurpegia ezagutzeko teknologien erabilera, teknologia konplexuak direlako eta legalki «zalantza batzuk» sortzen dituztelako.Ahozko probetan, ahotsa grabatzeko eskubidea erabili ahal izango dute ikasleek.

Ikasleen lana ebaluatzeko, berriz, EHUk irakasleei eskatu die aintzat hartzeko egoera ezohikoa dela, eta malgu jokatzea komeni dela gogorarazi die. Ikasleei ebaluazio moduen eta irizpideen berri ematea ere galdegin die.

Praktikei dagokienez, banaka aztertuko dituzte, eta, praktikaren zatirik handiena egin dutenen kasuan, hori ebaluatzeko aukera izango da. Egin ahal izan ez dituztenen kasuan, aztertuko dute urriaren 31 baino lehen egin ote daitezkeen. Gradu edo master bukaerako lanekin, berriz, banaka aztertuko dute horiek bukatzeko zer baldintza behar diren. Lanen defentsa modu telematikoan egin ahal izango da. Doktoretza tesiak ere modu telematikoan tramitatu eta defendatzeko bitartekoak jarriko dituzte.

Aurrez aurrekora itzultzeko

Konfinamenduaren ostean aurrez aurreko jardunera nola itzuli ere antolatzen ari da EHU. Zirriborro bat prestatu du, eta egunotan hasi da unibertsitateko eragileei aurkezten eta kontrastatzen. Ikastegiek, langileek eta ikasleek zer prebentzio neurri hartu beharko dituzten argitzen ari da. Fakultate bakoitzak bere errealitatera egokitu beharko ditu gomendio edo irizpide orokor horiek, azpiegitura eta gela bakoitzaren ezaugarriak aintzat hartuta.

Adibidez, zehazten ari dira eremu komunetan nola ibili behar den: korridoreetan, komunetan, igogailuetan... Azken horietan, adibidez, banaka sartu beharko da. Geletako, laborategietako, liburutegietako, bilera geletako... aforoak ere mugatu egingo dituzte; irizpide orokor gisa, espazioaren heren bat soilik erabiltzeko eskatuko dute. Laborategien kasuan, horrez gainera, gehienez ere hamar lagun egon ahalko dira. Lanerako txandak ere antolatuko dituzte. Gero, ikastegi eta sail bakoitzak ikusi beharko du irizpide orokor horiek nola zehaztuko dituen espazio bakoitzean. Garbiketa irizpideak ere zehaztu dituzte, eta erosten ari dira babeserako materiala: eskuetarako gel hidroalkoholikoa, maskarak... Espero dute aurki jasoko dituztela.

Matrikulak uztailean

Horrez gain, osasun larrialdiak aukera ematen duenean, langileak unibertsitatera zer ordenatan itzuliko diren ere zehaztu dute: aurrena itzuliko dira telelana egin ezin dutenak; ondoren, ikerketa lanetan ari direnak eta aurrez aurreko arretan aritzen direnak; eta gero itzuliko dira gainerakoak. Ikasleei, berriz, zeregin jakin batzuetarako joaten utziko liekete aurrena; gradua bukatzen edo ikasketa praktikoetan ari direnei utziko liekete ondoren; eta aurrez aurreko azterketak egin behar dituztenei azkenik. Hurrengo urterako matrikulazio aldia, berriz, atzeratu egingo da ezinbestean. Selektibitatea bukatu ondoren egin beharko dute, uztailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.