EHUk ordezko irakasleak lanaldi osoan kontratatuko ditu datorren ikasturtetik aurrera

Ehun egun igaro dira EHUk errektoretza talde berria duenetik, eta balorazioa egin dute gaur. Iragarri dute Eusko Jaurlaritzarekin adostu dutela segurtasunagatik egin behar diren obrei aurten ekitea.

Bengoetxea eta Garai, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bengoetxea eta Garai, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Bilbo
2025eko maiatzaren 7a
12:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Agintaldi batean, ohikoa izaten da kargua hartzen dutenetik ehun eguneko epea ematea norabide bat finkatzeko; eta, behin ehun egun igarota, balorazio bat egitea. Gaur, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretza taldeak egin du horretarako agerraldia. Lortutakoez aritu dira, baita aurrera begirakoaz ere. Besteak beste, zera iragarri dute: datorren ikasturtetik aurrera ordezko irakasleak eta ikertzaileak jardunaldi osoan kontratatuko dituztela.

Joxerramon Bengoetxea errektoreak eta Estitxu Garai Bizkaiko campuseko eta Komunikazioko errektoreordeak hartu dute hitza hedabideen aurrean. Bengoetxeak esan duenez, lehen lana taldea osatzea izan da; 54 zuzendaritza eta 90 lagun baino gehiagoko organigrama ondu dute. Behin lantaldea ondoan izanda, bilerak egin eta egin aritu dira: Eusko Jaurlaritzarekin; foru aldundiekin; Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkateekin... «Bilera guztien atzean edukiak daude», ziurtatu du Bengoetxeak.

«Gure estrategia guztion parte hartzean eta entzutean oinarritzen da». Horri jarraituz eraiki dute estrategia: epe motzekoa, ertainekoa eta proiektu izarrak. «Eguneroko kudeaketatik harago, argi luzeak piztuta egin du lan errektoretza taldeak».

Nabarmendu dute programan jaso zituzten hainbat neurri betetzeko bidean direla dagoeneko. Esaterako, aurreko errektoretza taldea agintean zegoenean, ezinegon handia eragin zuen ordezko langileen egoerak, jardunaldi osoan hartzen ez zituztenez 800 euroko soldatak-eta zituztelako. Orain, Bengoetxearen taldeak horri erremedioa jarriko diola ziurtatu dute. Xede dute langile finko gehiago egotea, hartara langile horiek erantzun ahal izateko sortzen diren beharrei, bajei-eta.

Alta, jakin badakite ezohiko egoera batzuetarako beharko dituztela ordezko langileak; hogei inguru izango direla espero du Bengoetxeak —orain, berrehun inguru dira—. Eta horien baldintzak duinagoak izango direla ziurtatu du: irakasle eta ikertzaile ordezkoak lanaldi osoan kontratatzeko aukera izango dela datorren ikasturtetik aurrera. Sindikatuekin proposamenaren xehetasunak adosten ari dira.

«Eguneroko kudeaketatik harago, argi luzeak piztuta egin du lan errektoretza taldeak»

JOXERRAMON BENGOETXEAEHUko errektorea

Hori ez da izango aldaketa bakarra: jakinarazi dute akordioa erdietsi dutela Eusko Jaurlaritzarekin segurtasunagatik premia larrikoak diren obrei aurten ekiteko; Tekazel teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako Langileen kontziliazioa errazteko neurriak indarrean jarri dituzte; unibertsitateko partaide izatearen sentimendua indartze aldera, EHUP! Jaia berreskuratu dute —etzi izango da—; eta, aurrerantzean, kontratuek euskaraz eta gazteleraz idatzita egon beharko dute, besteak beste. Halaber, lan eskaintza publiko baten ondorioz, 600 Tekazelen lekualdatzeak kudeatu dituzte.

Halere, onartu dute «ustekabeko» batzuk ere izan dituztela agintean daramatzaten egunetan; hala nola, «irakasle batzuen kasuak» kudeatu behar izan dituzte, eta zenbait ikasleren protestak ere deitoratu dituzte. Alta, beste zenbait ikasleren jarduna goraipatu egin dute: Herri Unibertsitatea eta EHUP! Jaia aipatu dituzte.

Hiru mugarri

Orain artekoaren berri ematearekin batera, etorkizuneko bidea ere marraztu dute. Hiru mugarri zehaztu dituzte: EHUren estatutu berriak idaztea —LOSU Espainiako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikora egokituko dira—, Unibertsitatearen 2026-2028ko plan estrategikoa ontzea eta Euskal Unibertsitate Sistemaren Lege berria egitea. Azken horri dagokionez, Bengoetxeak esan du beren-beregi nabarmenduko dutela sistemaren buru EHUk izan behar duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.