LANA

EHUko graduatuen %90ek dute lana, Lanbideren txosten baten arabera

Laneratzeari buruzko txosten bat egin du Lanbidek. Lan batean hasi arteko batez besteko denbora hiru hilabetekoa da.

Gazteak Bizkaiko Campusean egindako Enplegu Foroan. BERRIA
Irati Alvarez Malaxetxebarria
2023ko uztailaren 20a
16:53
Entzun

EHUko 2019ko promozioko tituludunak aztertu ditu Lanbidek Laneratzeari buruzko azterlana txostenean. 4.369 pertsonak –horietatik 2.576 emakumezkoak– betetako inkesta baten bidez atera dituzte emaitzak. Horren arabera, promozioko tituludunen ia %90ek dute lana graduko ikasketak amaitu eta hiru urtera.

Hogei bat titulaziotan, okupazio tasa ia %100ekoa da. Adibidez, Euskal Filologia, Medikuntza eta Odontologia ikasitakoen artean.

Sexu arrakala

Datuak sexuaren arabera aztertuz gero, sexu arrakalak bere hartan irauten du. Gizonezkoen okupazio eta enplegu tasa emakumezkoena baino bi puntu gorago dago. Eta emakumezkoen soldata txikiagoa da, 1.637 eurokoa; gizonezkoena, berriz, 1.673 eurokoa da, batez beste.

Lanaldi partzialetan eta lanaldi murriztuetan emakumezkoen ehunekoa handiagoa da. %26ek dute lanaldi partziala emakumezkoen artean, eta %16k gizonezkoetan. Lanaldi murriztuetan ere, emakumezkoen ehunekoa gizonezkoena baino ia bost puntu handiagoa da.

Eva Ferreira EHUko errektorearen hitzetan, okupazio tasak «sexu arrakala badagoela eta hori landu behar dela» erakusten du, baina, hala ere, esan du datu guztiak «oso ontzat» jotzen dituztela. Unibertsitateko ikasketek gaur egun ere «prestakuntza intelektual sendoa» ematen dutela erakusten dute datuok, Ferreiraren arabera, eta unibertsitatea «eraginkortasun handiko tresna» dela oraindik ere epe labur eta ertainean «irtenbide profesionala lortzeko itxaropena sendotzeko». Horren erakusgarritzat dauka okupazio tasa eta ikasketei lotutako enplegu tasa iaz baino hiru eta bi puntu gorago egotea, hurrenez hurren.

Lan egoera

Tituludunen lan egoerari dagokionez, lautik hiruk beste baten kontura lan egiten dute. Bestalde, %3,66 nor bere kontura lanean ari dira, %6,39k ikasten jarraitzen dute, eta gainerakoek doktorego aurreko eta ondoko kontratuak dituzte, langabezian daude, ezintasunen bat dute, kooperatiba baten bazkide dira, eta abar.

Egindako ikasketei lotutako enplegua dute ia gehienek (%86), eta, batez beste, bilatzeari ekin eta hiru hilabeteren buruan hasten dira lanean. Soldatak eta lanaldiak aztertuz, lanaldi osoa dutenen batez besteko soldata hamalau ordainsaritan banatuta dago, eta 1.673 euro garbikoa da. Hurrenez hurren, osasun zientzien arloko soldatak (1.908 euro), ikasketa teknikoei lotuta daudenetakoak (1.747 euro) eta giza zientzien esparrukoak (1.620 euro) dira handienak.

2019ko promozioko tituludunen %76 Gipuzkoan, Bizkaian edo Araban bizi dira, eta eremu horretan lan egiten dute;atzerrian daudenak, berriz, %3 dira. Lanpostuak baloratzeko orduan, lanpostuari dagokion eginkizuna, egonkortasuna eta soldaten zenbatekoa dira kontuan hartzen diren puntuak.

Lan merkatuan sartzeko bideei erreparatuz, tituludunek ingurune sozial eta profesionalari (%26,9) eta oposizioei (%18,7) ematen diete garrantzia. Ondoren, curriculuma eta enplegu zerbitzuan alta ematea, unibertsitate ingurunea eta eskaintza jakinei emandako erantzuna egongo lirateke. Eta azkenik, garrantzi txikiagoarekin, prestakuntza osagarria, curriculumetik kanpoko praktikak eta autoenplegua.

Hizkuntzei dagokionez, ia erdiek egunero erabiltzen dute euskara, eta ingelesa hirutik batek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.