EHUko Letren Fakultateko irakasle baten sexu jazarpena salatu dute

'@denuncias_euskalherria' kontuan eman dute testigantza hainbat lagunek. EHUk adierazi du hainbat salaketa formal jaso dituztela, eta genero indarkeriaren kontrako protokoloa aktibatu dutela.

EHUren Letren Fakultatea, Gasteizen, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
EHUren Letren Fakultatea, Gasteizen, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko otsailaren 12a
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultateko irakasle batek egindako sexu jazarpena salatu dute hainbat lagunek @denuncias_euskalherria deituriko Instagrameko kontuan. Testigantza horiek erraten dutenez, Filologia Hispanikoaren arloan egiten du lan irakasle horrek, eta ukituak, eskola orduz kanpoko deiak, ikasleen bizitza pertsonalari buruzko galderak eta iruzkin matxistak egiten zituen. EHUk BERRIAri adierazi dionez, genero indarkeriaren kontrako protokoloa aktibatu zuten «kasuaren berri izan eta berehalaxe». Unibertsitateak erran duenez, hainbat salaketa formal jaso dituzte.

Otsailaren 3koa da irakasle horren erasoei buruz mintzatzen den lehenbiziko testigantza: «Gasteizko Letren Fakultatean, Filologia Hispanikoan, badago ikasleei jazarpena egiten dien irakasle bat, batez ere jazarpen psikologikoa». Mezu horrek zehazten duenez, gizon horrek bulegora deitzen ditu ikasleak, eta, bertan, beren bizitza pertsonalari buruzko galderak egiten dizkie: «Nola duzu autoestimua? Birjina zara?».

Testigantza hori argitaratu zen egunean bertan, bertze hiru lagunek beren lekukotza eman zuten. Horietako batek erran zuenez, Filologia Hispanikoa «ikasi duen edonork» badaki nor den irakasle hori: «Guztiek dakite zer egiten duen, kexak jasotzen ditu, baina hor dago».

Hirugarren testigantza eman duen emakumea ere gizon horren ikaslea izan zen, eta, lehenbiziko lekukotzak erran bezala, irakasleak bulegora deitzen zituela azaldu du. «Beti bi musu ematen zizkizun bulegotik sartzean eta ateratzean, eskuarekin bizkarraren beheko aldea ukitzen zuen bitartean. Eskolak arratsalde bukaeran genituenean, etxera autoan eramatea eskaintzen zigun, trukean masailean musu bat ematen bagenion». Laugarren testigantzak gehitu du irakasleak «sexuari buruzko galderak» egiten zizkiela bulegoan, bikotekidearekin izandako sexu harremanen kopuruari buruz, adibidez. «Haren doinuan dantzatzen ez baginen, aurrerantzean ez ginen haren ikasle kuttunen artean egongo, eta horrek eragina izaten zuen kalifikazioetan», gehitu du.

Irakasle berari buruzko bosgarren testigantza argitaratu zuten @denuncias_euskalherria kontuan hilaren 5ean, eta irakasleak bulegoan egiten zizkion galderak ageri dira bertan: «Ikasgaiko lan baten gaia zehaztera joan, eta galdetu zidan ea sexu harremanak kondoiarekin izaten ote nituen, ea noizbait eraso egin zidaten, edo zer nota jartzen nion nire autoestimuari». Gainera, azaldu du ikasleei sakelako telefono pertsonalaren zenbakia eskatzen ziela, poemak igortzeko.

Egun horretan bertan, bertze testigantza bat argitaratu zuten, eta aurrekoetan errandakoa baieztatzen da bertan: ohikoa zela irakasle horrek ikasleei musuak eskatzea, gerria ukitzea eta besarkadak emateko eskatzea.

Joan den astean bertze hiru testigantza argitaratu ziren Instagram kontuan. Horietako batek dio irakaslea ikasleen «ahultasunaz» baliatzen zela. Bertze batek laugarren testigantzak errandakoa baieztatu du: «Behin baino gehiagotan galdetu zidan ea banuen mutil lagunik, eta haren doinuan dantzatzen ez nintzenez, guztiz aldatu zuen jarrera. Nire gradu amaierako lanaren aurkezpenera ez zen agertu ere egin».

«Berehalako erantzun»

EHUri kasuaz galdetuta, «berehalako erantzuna» ematen ari direla azaldu dio BERRIAri: «Beharrezko neurriak hartuko dira, protokoloak zehazten dituen urratsak eginez». «Unibertsitate tolerantzia eta errespetu eremua izan dadin, unibertsitateko kolektibo guztiak gaude engaiatuta, bai ikasleak, bai langile guztiak. Horren erakusgarri da azken boladan daukagun salaketen ugaritzea, Errektoretza Taldean erabateko lehentasunez kudeatzen ari dena», gehitu du.

Unibertsitateak erran duenez, kasuari buruzko hainbat salaketa formal jaso dituzte. Hortaz, erran dutenez, lehentasuna izanen da «biktimen eskubideak bermatzea eta haiei babesa ematea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!