Lan gatazka

EHUko ordezkoen egoera salatzeko, greba egingo dute urriaren 11n

5.500 irakasle ikertzaile deitu dituzte lanuztera LAB, ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek. Gogoratu dutenez, irakasleen lan baldintzen okerragotzea ez da «oraingo auzia».

Sindikatuen prentsaurrekoa, gaur, Leioako (Bizkaia) EHUren campusean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko irailaren 20a
12:07
Entzun 00:00:0000:00:00

Martxoan sartu zen indarrean LOSU Espainiako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa. Ordutik, EHUk irakaskuntza lana egiteko lanaldi partzialeko kontratuak eskaini dizkie ordezkoei; eta 800 euroko soldatak. Egoera hori salatzeko, EHUko irakasle ikertzaileek egun osoko greba egingo dute urriaren 11n, LAB, ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek deituta. Leioako campusean egindako agerraldian, ordezko irakasleen egoera «onartezina» dela salatu dute. Era berean, gogoratu dute irakasleen «lan baldintzen okerragotzea» ez dela oraingo auzia: «Aspalditik datorren kontua da, eta irakasle ikertzaile guztioi eragiten digu». Oro har, 5.500 irakasle eta ikertzaile daude deituta lanuztera.

EHUren gaur egungo egoera «egiturazko arrazoiei» eta «behar bezalako finantzaketarik ezari» egotzi diote sindikatuek. «Urteak daramatzagu ikusten nola joan diren irakasleen ordezkapenen baldintzak okertuz eta gutxituz». Azaldu dutenez, ordezkapen batzuk berandu egiten dituzte, eta ordeztu gabeko «lan zama» lankideek hartzen dute euren gain. Horrek, gainera, ikasleengan du eragina. Ordezkoen kontratazio eredu berriaren interpretazioak arazoa areagotuko duela jakinarazi dute. «Ordezkapena, beraz, guztion arazoa da».

Legeak dioenez, irakaskuntza orduak betetzeko baino ezin dira orain ordezkoak kontratatu. Hau da, langileei ez zaie ikerkuntza ordainduko. Sindikatuek azaldu dutenez, errektoretzak Irakasleen Plan Zuzendaria aipatu du irtenbide modura: ordezkoak ez diren eta irakasle atxiki berriak ez diren gainerako irakasleen irakaskuntza kreditu ahalmena handitzea. «Baina, sail batzuetan urte gutxi barru izango diren erretiroen kontura kontratatu dituzten irakasle laguntzaile doktore batzuez aparte, ez dugu plan horren arrastorik ezagutzen».

Ordezkoen egoeraz gain, EHUn dagoen «diskriminazioa» jarri dute mahai gainean sindikatuek. «Ikusten ari gara nola oraindik egiten diren irakasle ikertzaile kolektiboen arteko bereizketak, edo nola aldeak dauden irakasle ikertzaile iraunkor eta aldi baterakoen artean zenbait osagarri eskatzeko orduan (ikerkuntzako seiurtekoak, besteak beste)». Beste diskriminazio «berriak» ere aipatu dituzte, besteak beste, lehengoko irakasle atxikien eta egungo irakasle laguntzaile doktoreen artean: «Baldintza ekonomiko berberen pean irakastordu kopuru ezberdinak eman behar dituzte».

Arrazoi ugari mobilizaziorako

Sindikatuek esan dute errektoretzarekin duten harremana «oso itxia» dela, «oraingoz». Gaiari «ez-entzunarena» egitea leporatu diote, eta «oso larriak» iruditu zaizkie komunikabideetan egin dituzten adierazpenak. «Jarrera itxi hori da gure greba deialdirako arrazoia».

Aldarrikapen ugari egingo dituzte urriaren 11n. Besteak beste, lanaldi osoko irakasle ikertzaileen ordezkapenak lanaldi osokoak izatea eskatuko dute, eta lanaldi partzialean dauden irakasleen gainerako ekintzak aitortzea eta ordaintzea. Era berean, sailak hornitzeko eta lantaldeak handitzeko exijituko dute, baita burokratizazioari mugak jartzeko ere.

Soldata ere izango dute hizpide. Izan ere, salatu dute euren soldaten balioa murriztuz joan dela urtetik urtera. «Azken urteotako soldata igoerek ez dute, ezta urrik eman ere, bizitzaren garestitzea konpentsatu». Hori dela eta, galdutako erosahalmena berreskuratzeko, soldatak handitzea eskatuko dute, eta osagarri gehigarriak eguneratzeko. Finantzaketari dagokionez, hura handitzeko exijituko dute, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGaren %1era heltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.