Polikiroldegiko aireztatze sisteman zehar gas toxiko bat zabaltzerakoan sortu zen ihesa astearte arratsaldean, Tolosako Udalak jakinarazi duenez. Kiroldegiko arduradunak kiratsagatik eta igerilekuetan zeudenen sintomengatik jabetu ziren ihes toxikoaz; eztula eta arnasa hartzeko arazoak zituzten hainbatek.
Hori horrela, "berehala" hutsarazi zuten kiroldegia, larrialdi protokoloa ezarrita. Guztira 104 lagun artatu zituzten, eta horietatik 23 erietxera eraman; tartean, hamabost adingabe. Donostian artatu dituzte hamar, Tolosako osasun etxean sei, herri horretako Asuncion klinikan bost, eta Beasainen beste bi.
Hogeiri senda-agiria eman diete, eta hiruk jarraitzen dute erietxeratuta. Espero dute horietako biri ematea senda-agiria egunean zehar. Hirugarrenari azterketak egin dizkiote, eta emaitzen zain daude.
Osakidetzak 10:00etan emango ditu gertatutakoaren azalpenak. Udalak eta kiroldegiko arduradunek ikerketa abiatu dute, ihesa zer dela-eta gertatu zen jakiteko.