LGTB

Ehun eragileren baino gehiagoren babesa jaso du Harrok larunbaterako Bilbon deitutako manifestazioak

LGTB kolektiboaren merkantilizazioa salatuko dute, 17:30ean Arriagatik aterako den martxan. Astebururako egitaraua aurkeztu dute.

Harro plataformako kideak, gaur, atxikimenduen berri emateko agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2019ko irailaren 17a
07:44
Entzun

“Borroka eta festa” uztartuko dituzte larunbatean Bilbon, LGTB taldeen Harro plataformak egindako deialdian. Ostegunetik aurrera, Europride festa antolatzeaz arduratzen den elkarteak (EPOA) bilera egingo du Bilbon, eta hori aprobetxatu nahi dute halakoak gaitzesteko, kontuan izanda Bilbora jaialdi hori eramateko asmoa agertu dutela erakunde publikoek. Harro ez da Europride. Gure izenean ez! lelopean, manifestazioa egingo dute larunbatean, 17:30ean Arriaga plazatik aterata. Eta babes zabala izango du protestak: gaur goizean plataformak Bilbon egindako agerraldian jakinarazi duenez, ehun eragilek baino gehiagok adierazi diete atxikimendua.

LGTB kolektiboa merkantilizatzea egotzi die Harrok halako egitasmoei: “Badago gure borrokan merkatu hobirik ikusi duenik, gay hotelak eraikiz, LGTB kolektiboarentzat ekitaldiak antolatuz, edota, bide batez, hausnarketa espazioetan LGTB poliziak sartzen saiatuz, esaterako. Hori guztia gure kolektiboa borrokan jaioa eta hazia dela ahaztuz egiten dute”. Hartara, dei bat izango da larunbateko mobilizazioa, “gure mugimendua dinamika kapitalistei lotzeari uzteko”.

Protestarekin bat egin duten eragileen artean daude, LGTB taldeak ez ezik (EHGAM, Lumagorri, Medeak, Ozen LGTB, Sare Lesbianista, Aldarte, 7menos20, E28 koordinakundeak...), sindikatuak (ELA, LAB, CCOO, ESK, Steilas, CNT, Hiru eta Etxalde), alderdi politikoak (EH Bildu eta Elkarrekin Podemos, Alternatiba eta Ezker Anitza), talde feministak (Bilgune Feminista, Bizkaiko Emakumeen Asanblada, Besarkatuz, Faktoria Lila, Marimatraka, Negeak, FeministAlde, Mujeres en la diversidad...), gazte erakundeak (Ernai, Eragin, Ikasle Ekintza...), eta bestelakoak ere (SOS Arrazakeria, Ailaket, Askekintza, Bizilagunekin, Ekologistak Martxan, Sare Antifaxista, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Komite Internazionalistak, Piztu Bilbo, Joxemi Zumalabe fundazioa...).

Horrez gain, Harrok elkarlan ildo bat abiatu du Bizkaiko metalaren sektorearekin (maiatzetik ari dira protestan): langileek borroka eguna antolatu dute, eta Harroko kideek bertan parte hartuko dute, eta arratsaldean, metaleko beharginak manifestaziora batuko dira.

Hausnartzeko aukera

Halere, protestaren bueltan egitarau zabala antolatu dute plataformakoek 7katu gaztetxean. Ostiralean hasiko dira, 18:00etatik aurrera, Harroren aurkezpenarekin, eta Bizkaiko erakundeek antolatutako pride festari buruzko solasaldi batekin. Larunbat goizean, berriz, bi mahai inguru egingo dituzte, 10:30etik aurrera: herri mugimenduen asimilazio prozesuak eta makroekitaldien eragina aztertuko dituzte.

Gauean jai egiteko aukera ere jarriko dute: 22:00etan hasiko da (H)Ortz-adarra jo! festa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.