Ehunka arrain hilda agertu dira Urumea ibaian

Ibaiak ur gutxi izateak eta beroak eragina izan dute. Eguzki talde ekologistak «prebentzio eta zaintza neurriak» babesteko eskatu du.

Aste honetan hilda aurkitu dituzten arrainen argazki bat. EGUZKI
Jone Arruabarrena- Leire Yue Ortubay Ibabe
2023ko abuztuaren 24a
12:36
Entzun

Ehunka amuarrain eta izokin hilik agertu dira aste honetan Gipuzkoako Urumea ibaian, Hernani parean, Eguzki talde ekologistak salatu duenez. Taldeak azaldu duenez, herritar batek abisua eman zion taldeari, eta hark deitu zien Aldundiko Basozainei eta Uraren Euskal Agentziari.

Eguzkik ohartarazi du ibai hori, Euskal Herriko ibai eta erreka «gehienak» bezala, «muturreko egoeran» dagoela; ibaiek ur gutxi dute, eta horrek, azken egunetako beroari batuta, «muga-mugan» jartzen dituela arrainen iraupenerako aukerak.

Garikoitz Plazaola Eguzki taldeko kideak azaldu du hiritartuta dauden guneetan, eta ibaia artifizialki zabalduta edo ubideratuta dagoen tokietan eragiten duela gehienbat beroak, askotan ez delako egoten ertzetan itzala egingo duen landarerik: «Gure ibaiak ez daukate oso ur emari handia, eta V formakoak izan ohi dira. Ibai horiek zabaltzen baditugu uholdeen aurkako prebentzio gisa, U forma hartzen dute, eta ibai ertzak urrundu egiten dira. Ibai ertzetan sortzen diren landare galeriek, beraz ez dute urazal guztian itzalik ematen, eta uraren tenperatura hazi egiten da».

Udan, gainera, euri asko egin ohi ez duenez, ur emaria are gehiago txikitzen da. Beraz, ur emari txikiak eta uraren tenperatura altuak, eragiten du oxigeno oso gutxi egotea uretan. Beraz, horrek ibaiko faunaren bizitza «kinkan» uzten du, Plazaolaren arabera: «Baldintza horietan egonda, edozein isuri dagoenean, isuri hori toxikoa ez bada ere, ohiko baldintzetan oharkabean pasako litzatekeen isurketa batek kalte egin diezaieke arrainei». Izan ere, azaldu du ibaiko urak oxigeno gutxi izan ohi duela egoera horretan, eta edozein gorabeherak hilzorian hartzen dituela animaliak.

Urumeakoa bezalako gertakariak «geroz eta ohikoagoak» direla esan du Plazaolak. Hala ere, ez dio klima larrialdiari egotzi arazoaren erro nagusia, eta ibaiarekiko dagoen portaerarekin lotu du: «Klima aldaketak eta beroaldiek errematatu egiten dutela egia da, baina gure ibaiek geroz eta estalpe eta itzal gutxiago daukate, eta nagusiki horrek eragiten du tenperatura igoera». Bide horretatik prebentzio eta zaintza neurriak zorrozteko eskatu du Eguzkik; hirigintza planak aipatu ditu Plazaolak besteak beste, eta esan du horrelako plangintzak egitean garrantzitsua dela ibaiaren zaintzari garrantzia ematea, eta neurri batzuk proposatu ditu: «Ubideratzeak tentuz egitea, ibai ertz guztiak urbanizatzen ez jarraitzea, eta landaredia mantentzea».

Izokinaren leheneratzea, arriskuan

Gainera, izokinak hil izanaren larritasuna azpimarratu du Eguzkik: «Denbora luzean egindako lana bat-batean galtzeko arriskua dago». Izan ere, izokina ohiko espezie bat izan da Euskal Herriko ibaietan, baina XX. mendearen amaieran nabarmen jaitsi zen arrain mota horren populazioa industrializazioaren ondorioz, eta azken urteetan leheneratzeko ahalegina egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak Oria, Oiartzun eta Urumea ibaietan, kumeak askatuta. «Urumea edo Oria bezalako ibaietan ia-ia desagertutzat ematen zen, eta ibai horietan egin den berreskurapen lan horien emaitzen zati bat joan zaigu gertakari honekin», azaldu du Plazaolak.

Botulismoa

Horrez gain, ehun hegazti baino gehiago hil dira Gasteiz inguruan azken bi asteotan, botulismo agerraldia dela eta. Betoñuko eta Arkautiko urmaeletan eta Salburuko hezegunean aurkitu zituzten lehenengo hildako hegaztiak, eta gaixotasuna hedatu ez dadin lanean ari da Arabako Foru Aldundia. Izan ere, egun, Arriagako eta Iparraldeko parkeko urmaeletara zabaldu da botulismo agerraldia. Hogei bat hegazti fauna berreskuratzeko Martiodako zentroan dituzte, osatzeko tratamendua jasotzen.

Bakterioa udako hilabeteetan agertzen da, hura garatzea ahalbidetzen duten baldintzak orduan ematen direlako, tenperatu altuak besteak beste. Orain arte kaltetutako animalia gehienak uretako hegaztiak izan dira; anatidoak dira gehienak, baina murgilak ere badaude. Soilik hegaztiei eragiten dien bakterio bat da, eta ez da gizakientzat kaltegarria.

2014an atzeman zuen Arabako Foru Aldundiak botulismoa lehenengo aldiz, eta geroztik, prebentzio neurriak hartu ditu. Agerraldi berri honen harira, zaintzako langileek egunero bilatzen dituzte gaixotasuna izan ditzaketen hegaztiak, ahalik eta azkarren kentzeko. Izan ere, animalia gaixoak goiz erretiratzea da agerraldia kontrolatzeko neurririk eraginkorrena, ez dadin beste leku batzuetara hedatu.
Heriotza gehiago saihesteko modua hegaztien gorpuak eta animalia gaixotuak kentzea izanik, Arabako Foru Aldundiak hiritarren lankidetza eskatu du. Norbaitek hegazti hilak edota portaera arraroak dituen hegaztiak ikusi ezkero, jakinaraztea eskatu dute. Portaera arraroak hegalak erorita izatea eta burua tente izateko zailtasuna dira, besteak beste. Hegaztiak ez ukitzeko eta Gasteizko Udaltzaingoa (092) edo Arabako Foru Aldundia (945181818) deitzeko eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.