EHU Euskal Herriko Unibertsitateak badu 2023rako aurrekontua: atzo onartu zuten gobernu kontseiluan aurrekontu proiektua, eta datorren astean gizarte kontseilutik igaro ostean, behin betikoa izango da, onartuz gero. Igo egin dute aurrekontua: 494,5 milioi euro izango ditu eskura EHUk, 2022an baino %7,4 gehiago. Diru horretatik 453,4 milioi aurrekontu arruntari dagozkio; 37,2 milioi, programa kontratuei; 3,5 milioi, urte askotarako inbertsio planari; eta 450.000 euro, gizarte kontseiluari.
Aletu dute diru hori nondik iritsiko zaien ere: %73,6 Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrekontu orokorretik jasoko dute; %10,7 diru sarrera propioak dira—tasa akademikoak eta administratiboak, kontratuak beste erakundeekin eta pertsonekin...—; eta diruaren %15,6 beste sarrera mota batzuetatik iristen zaie—kanpoko kontratuak, ikerketa proiektuak, titulu propioak eta beste diru laguntza berezi batzuk—.
Eva Ferreirak, EHUko errektoreak, positiboki baloratu du: «Aurrekontu hau gobernu taldearen lehenengo tresna da 2022-2025erako plan estrategikoan hartutako konpromisoak betetzeko». Plan horren lehentasunak dira «eragin soziala», etengabeko prestakuntza eta nazioartekotzea indartzea, besteak beste, ohar bidez azaldu dutenez.
Ferreirak hizpide izan du EHUren azken urteetako proiektu garrantzitsuenetariko bat ere: Basurtuko (Bilbo) Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria. Errektorearen esanetan, Eusko Jaurlaritzak «konpromiso irmoa» erakutsi du obra horrekin, 2023rako 3,5 milioi euro jarrita. Adierazi du espero dutela uda baino lehen hastea hura eraikitzeko lanak.
Lanpostu gehiago
Aurrekontu proiektua onartzeaz gain, gobernu kontseiluak karrera akademikoa hasteko 78 postu sortzea ere babestu du. Horietatik gehienak (74) irakasleen laguntzaile doktoreentzat izango dira, eta lau, osasun zientzien arloko irakasle elkartuentzat. Hauxe dute helburu: erretiroek eragindako lanpostu hutsak betetzea, eta Business & Economics gradu bikoitza eta adimen artifizialeko gradua ezartzeak dakartzan irakaskuntza beharrei erantzutea. «Gaur [atzo] sortu diren postuek lantaldea gaztetzen lagunduko dute, eta doktore gazteak —%30ek profil hirueleduna dute— karrera akademikoan has daitezen ahalbidetuko dute», esan dute oharrean.
Gainera, Gizarte funtsa izenez ezagutzen den diru laguntza deialdia ere aurkeztu dute gobernu kontseiluan. Esan dutenez, ikasleen zailtasunak arintzen saiatzeko laguntzak dira. Matrikulatik ordaintzeko daukaten kopurua emango diete, eta, gero, itzuli egin beharko dute, eskudirutan nahiz «erakundearekin edo unibertsitatearekin lankidetza jarduerak garatuz». Programa horretarako 100.000 euro jarriko dituzte.
EHUren aurrekontua %7 igoko dute: ia 500 milioi eurokoa izango da
Diruaren %75 Eusko Jaurlaritzako aurrekontu orokorretik jasoko dute. 3,5 milioi euro Medikuntza Fakultate berrirako izango dira

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu