EHUren Gasteizko campusa hustu dute

Ke potoak bota dituztela eta, unibertsitateko lau fakultatetako ikasleak eta irakasleak atera egin dituzte, baita ikasgelategikoak ere.

EHUren Gasteizeko campuseko Letren Fakultatea, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
EHUren Gasteizeko campuseko Letren Fakultatea, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2026ko martxoaren 2a
14:32
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Gasteizko campusa hustu dute, ke potoak bota dituztelako; 11:30 aldera, lau fakultate hustu dituzte: Farmaziakoa, Letretakoa, Ikasletzakoa eta Gizarte Langintzakoa, baita ikasgelategia ere.

Gasteizko suhiltzaileak bertara joan dira, eta ikasleei eta irakasleei agindu kanpora ateratzeko; kea kentzeko lanetan aritu dira.

Lanak jada amaitu dituzte zenbait fakultatetan —besteak beste, Letren Fakultatean—, eta hasiak dira berriro ere eskolak ematen.

Berehala iritsi da EHUko errektoretza taldearen erantzuna; «irmoki arbuiatu» dute ikasleek ke potoak bota izana: «Irmoak izan nahi dugu: onartezina da ikastegiak hustu daitezela sustatzea eta, ondorioz, irakaskuntza etetea. Ezin dugu onartu protestarako eskubide legitimoa bahitua izatea pertsonen segurtasunaren, bizikidetzaren eta unibertsitate komunitateko gainerako kideen hezkuntzarako oinarrizko eskubidearen aurka jotzen duten metodoen bidez».

Are, nabarmendu dutenez, «pertsonen segurtasuna eta osasuna arriskuan» jartzen duen «ekintza eta jokabide oro» gaitzesten dute: «Ohartarazi nahi dugu leku itxi eta jendetsuetan ke poteak erabiltzeak ondorio pertsonal larriak eragin ditzakeela». Eta, horren harira, «bizikidetzaren eta aldarrikapen baketsuaren aldeko konpromiso irmoa» adierazi dute: «Aldarrikapenerako eta protestarako eskubideak beti defendatuko ditugu, bai ikasleenak, bai kolektibo ororenak, unibertsitate bizi, kritiko eta aktibo batean sinesten dugu eta. Baina jarduera hori pertsonak errespetatuz eta gizarte osoarenak diren ondasun publikoak zorrotz zainduta gauzatu behar da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.