EHUren Ibaetako campusean irakasle faxista bat identifikatu dutela salatu du ikasle asanbladak. «Irakasle horrek bere sare sozialetan mezu faxistak zabaltzen ditu; besteak beste, mezu transfoboak, matxistak, inperialistak, euskarafoboak, genozidioa ukatzen dutenak, ikasle mugimendua kriminalizatzen dutenak eta ideologia ezkertiarra seinalatzen duten adierazpenak», adierazi dute. Halaber, salatu dute irakasle horrek «apologia» egiten diela ideia faxistak zabaltzen dituzten mugimenduei, eta horiek «zilegitu». Unibertsitateari eskatu diote dagokion ardura hartzeko.
Ohar bidez egin dituzte adierazpenak, eta nabarmendu dute halakoen kontra antolatzeko beharra ikusi dutela: «Horrelako ideiak zabaltzen dituen irakasle baten presentzia hutsak zuzenean erasotzen baitigu ikasleoi». Haien irudiko, pertsona horrek zabaltzen duen diskurtsoak ikasgela eta unibertsitatea «gune ez-seguru» bihurtzen ditu, eta, gainera, ikasle mugimenduak kriminalizatzen ditu, eta ikasleak barregarri utzi eta «infantilizatu».
Irakasle horrek adierazpenak egin dituela erran dute, eta hark errandakoak «babes mediatiko eta instituzionala» izan duela azpimarratu; bada, erantzun hori salatu dute. «Munduan zabaltzen ari den olatu erreakzionarioaren eta faxismoaren gorakadaren beste kasu bat besterik ez da egoera hau, eta bistan da Euskal Herria ez dela horretatik at geratzen, ezta Euskal Herriko unibertsitate publikoa ere. Izan ere, unibertsitatean ikusi ditugu balio hauei men egiten dieten beste irakasle batzuk ere, Gasteizko eta Leioako irakasle faxistak, kasurako», gehitu dute.
Hain zuzen, EHUko errektoretzak irakasle horri babesa adierazi izana onartezina dela erran dute, hari babesa ematea «haren balioak zilegiztatzea» delako. «Beste behin ere, agerian geratu da gaur egungo hezkuntza sistemak eta era berean EHUk nolako ezintasuna eta hutsuneak dituzten horrelakoei erantzuteko». Hala, ezinbertzekotzat jo dute «ikasle fronte antifaxista» garatzea, eta campuseko ikasleei antolatzeko deia egin diete: «Gure neurrira egindako hezkuntza sistemara bidean, horrelako balio faxistei ateak ixtea dagokigulako».
Pintaketak
Ikasle asanbladak oharra gaur atera badu ere, hilabete hasieran zabaldu zen albistea. Ikasleek asanblada irekira deitu zuten azaroaren 5erako: campusean irakasle faxista bat zegoela zioten deialdian, eta haren hainbat txioren argazkiak ageri ziren bertan. Kartel horietako baten gainean Carlos Martinez Gorriaran irakaslearen izena agertu zen biharamunean, esaldi honekin batera: «Carlos Martinez, transfoboa, faxista, matxista eta sionista». Inork ez zuen horri buruzko adierazpenik egin.
Irakasleak X sare sozialean adierazpen batzuk egin zituen bere kontrako mezuak gaitzesteko: «Atzera bueltatu gara: irakasleen kontrako jazarpen kanpaina EHUn, zigorrik gabe. Askatasunari uko egiten badiozu segurtasuna izateko, biak galduko dituzu».