EHUren Medikuntza Fakultateko lanak abiatu dituzte

Lehen harria jartzeko ekitaldia egin dute gaur erakunde publikoetako ordezkariek. Basurtuko ospitalearen alboan egongo da fakultate berria, eta 2026-2027ko ikasturtean martxan jartzea espero dute. 32.000 metro koadroko eremu erabilgarria izango du. Lanek 62 milioi euro pasatxoko aurrekontua dute.

Iñigo Urkullu lehendakaria, beste ordezkari publikoekin batera, gaurko ekitaldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2023ko uztailaren 28a
16:28
Entzun

Martxan dira EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria Bilbon eraikitzeko lanak. Hainbat gorabeheraren eta atzerapenen ondoren, gaur goizean jarri dute lehen harria erakundeetako ordezkariek, eta datozen egunetan ingurua hesiz itxi ostean sartuko dira beharginak. Fakultate berria 2026-2027ko ikasturtean martxan jartzea espero dute, azpiegitura ez ezik baita proiektua ere: Osasun Zientzien Arloko Unibertsitate Prestakuntzarako, Elkarlaneko Ikerketarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Polo Aurreratua abiatuko dute bertan. «Abangoardiako azpiegitura izango da hau», adierazi du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.

Basurtuko ospitalearen alboan egongo da fakultate berria, Montevideo etorbidearen eta Gurtubai kalearen artean. Triangelu forma izango du, eta 32.000 metro koadroko eremu erabilgarria; besteak beste, 75 ikasgela, bi ospitale birtual eta hainbat laborategi hartuko ditu —10.000 metro koadroko eremu batean— . Medikuntza, Fisioterapia eta Erizaintza graduak Leioako campusetik (Bizkaia) horra eramango dituzte, baita osasun zientzien arloko zazpi master ere.

«Poza, zoriona, emozioa eta esker ona» adierazi ditu Eva Ferreira EHUko errektoreak. Gogora ekarri du aurreko errektoretza taldeak abiatu zuela fakultate berriaren egitasmoa —ekitaldian izan da Nekane Balluerka errektore ohia—, eta eskerrak eman dizkio Jaurlaritzari finantzaketagatik: «Obra handiak beti talde lanaren fruitu izaten dira. Helburu partekatuetatik sortzen dira, baita ahalegin eta lan partekatutik ere». Nabarmendu du fakultate berriak «osasunaren eta teknologiaren arteko sinergiak indartuko» dituela, eta estutu egingo duela EHUren eta Bilboren arteko harremana. Ildo horretan, Gorka Moreno Bizkaiko campuseko errektoreordeak erantsi du Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak albo-alboan izango duela Ingeniaritza Fakultatea: «Sinergia berriak garatuko dira; adibidez, aurten martxan jarriko da Ingeniaritza Biomedikoko gradua».

Agirre lehendakariaren «ametsa»

Baina fakultate berria Bilbon kokatzeak badu hiriaren erdigunean egoteaz haragoko garrantzia. Sinbolikoa, batik bat. «Fakultatea Bilbora itzuliko da, unibertsitate publikoaren lehen medikuntza fakultatea sortu zen lekura», oroitu du Morenok. Izan ere, justu Basurtun jarri nahi izan zuen fakultatea Jose Antonio Agirre lehendakariak 1936an, orduko Jaurlaritzak Euskal Unibertsitatea eratu berritan. Gerrak, ordea, proiektua zapuztu zuen, eta, gerora, 1972an Leioako campusean ezarri ziren osasun arloko ikasketak.

Azken hamarkadetan, hirira itzultzeko bidea ez da batere erraza izan: 1991n hasi ziren fakultate berria diseinatzen, baina proiektua ez zen 2018ra arte onartu. Iazko abuztuan, ordea, obren ardura hartu zuen enpresak bertan behera utzi zuen kontratua, Ukrainako gerraren ondorioz materialak eta kostuak garestitu zirela argudiatuta. 53,3 milioi euroren truke eman zituzten lan haiek, eta 62 milioi pasatxoko aurrekontua izango dute oraingoek.

Gorabehera horiek gaindituta, Agirre lehendakariaren «ametsa» eta osasun arloko profesionalen hamarkada askotako eskaera betetzen hasteko ekitaldia izan da gaurkoa. «Orain hutsik ikusten dugun lursail hau maila goreneko formakuntza eta ikerketa jarduerarako eremua izango da. Bilbo unibertsitate hiria izateko proiektua sendotzeko beste urrats bat da», adierazi du Juan Maria Aburto Bilboko alkateak, pozarren; «Garapen urbanoa eta humanoa, txanpon beraren bi aurpegiak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.