Eider Mendoza izendatu dute Gipuzkoako ahaldun nagusi, PPren babesarekin

Gehiengo soilez gailendu da ahaldungai jeltzalearen hautagaitza; bere alderdiak, sozialistek eta PPko batzarkide batek babestu dute. «Erantzukidetasunaren legealdia» aldarrikatu du Mendozak.

Eider Mendoza, Gipuzkoako ahaldun nagusi izendatu berritan. GOTZON ARANBURU /FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko ekainaren 29a
18:59
Entzun

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Eider Mendoza izendatu dute ahaldun nagusi. Ahaldungai jeltzalearen hautagaitzak 25 batzarkideren babesa jaso du, EAJren hamazazpi batzarkideen, PSE-EEren zazpien eta PPko batzarkide baten aldeko botoekin. Bigarren bozketa egin behar izan dute Mendoza ahaldun nagusi izendatu ahal izateko. Lehen bozketan hogei eta launa boto eskuratu dituzte Iriartek —Elkarrekin Podemosen babesarekin— eta Mendozak, PPko hiru batzarkideak abstenitu direlako; hautagai batek ere ez du lortu gehiengo osorik. Bigarren bozketan, Iriartek baino boto bat gehiago jaso Mendozak. Gehiengo soilarekin bihurtu da Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, kargu hori hartu duen historiako lehen emakumea.

Batzarkideen txalo artean eman dizkio batzar nagusietako lehendakari Xabier Ezeizabarrenak Mendozari ahaldun nagusiari dagozkion aginte makila eta domina, Gipuzkoako ereserkia entzun ostean. Hunkituta hartu du hitza Mendozak, esker on hitzekin: «Benetako ohorea eta ardura da gipuzkoarron borondatearen ordezkari izatea».  Politikagintzan bidea urratu duten emakume guztien «ispiluari» begiratuko diola hitz eman du: «Onena emango dut gipuzkoar guztion ongizatea, aukera eta eskubide berdintasuna bermatzen jarraitzeko».

Gaineratu du «erantzukidetasunaren legealdian» gobernatu nahi duela: «Ez da garaia galdetzeko zer egin dezaketen besteek gugatik, baizik eta zer egin dezakegun guztiok Gipuzkoa eta Euskadi proiektu kolektibo bezala indartzeko». Politikagintza «duintzen» saiatzeko konpromisoa ere hartu du. Agur Jaunak-ekin amaitu dute batzarkideek, zutik, osoko bilkura. EAJko iturrien arabera, bihar dira iragartzekoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren osaera, eta etzi egingo dute lehen gobernu kontseilua.

Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusi izendatu badute ere, EH Bilduk irabazi zituen maiatzaren 28ko foru hauteskundeak; 22 eserleku eskuratu zituen. Horregatik, Iriartek ere ahaldun nagusi izenda dezatela eskatu die batzar nagusiei. «Ahaldun nagusitarako neure burua aurkezten dut, lurralde honetako herritarrek EH Bilduk hauteskundeak irabazteko egin duen hautuari erantzuteko. Herritarrek argi hitz egin dute», esan du goizean.

Hala ere, aurreikuspenak bete dira. EAJk eta PSE-EEk atzo publiko egin zuten gobernu akordioa, eta gaurko osoko bilkuran berretsi egin dute. PPren aldeko botoak beharko zituztela ere jakina zen. «Beti esan genuen guztiekin akordioak egingo genituela, guztien mesederako. Egokia iruditzen zaigu alderdien interesen gainetik lurraldearen gobernabidea jartzea», esan du Mikel Lezamak, PPren ahaldungai nagusiak, bozketa baino lehen. EAJko Maria Eugenia Arrizabalagak, eguerdian, adierazi du ez dutela «inolako negoziaziorik» egin PPrekin. Dena den, haien babesarekin bihurtu da Mendoza ahaldun nagusi.

«Memoria eta ardura»

Goizean ekin diote osoko bilkurari, eta Mendozak «apaltasunez, baina konbikzio osoz» aurkeztu du bere hautagaitza ahaldun nagusi izateko —bozetatik ahaldungai nagusi moduan egin duen lehen hitzaldia izan da—. «Ibilbide sendo eta partekatu horrekiko koherentziaz eta arduraz aurkezten dugu diputatu nagusi izateko hautagaitza. Memoriak eta ardurak bultzatu gaitu PSE-EErekin akordioak bilatu eta lantzera. Bi alderdion artean azken hauteskundeetan batu ditugun 157.056 bozek, boto emaileen ia erdiak, zilegitasuna ematen digute», nabarmendu du.

Gaur arte ahaldun nagusi izandakoari, Markel Olanori, eskerrak eman dizkio Mendozak, eta hark ezarritako «oinarri sendotik» gobernatu nahi duela esan du. Mendozak ere gizarte politikei eman die garrantzia. Haien «lehentasuna» izan dela esan du: «Herritar zaurgarrienei etxetik ahalik eta gertuen, eta ahal den bitartean etxean bertan, zaintza pertsonalizatua eskaintzeko neurri berritzaileak hartuz, berrikuntzan eta komunitatearen partaidetzan sakonduz eta etorkizuneko ongizatea bermatuko duen zerbitzuen bideragarritasuna bermatuz».

Zerga politikari dagokionez, «behar besteko finantza nahikotasuna» sortzearen alde egin du jeltzaleak, eta «jarduera ekonomikoaren lehiakortasuna» indartzeko helburua ere izan behar duela nabarmendu du.

«Lankidetzazko gobernantza» aldarrikatu du, eta elkarlanari garrantzia eman dio: «Alderdi guztiekin elkarlanerako prest egongo naiz eta egongo gara, datorren legealdian beharrezkoak izango direlako elkar ulertzea eta adostasunak bilatzea. Hala izatea lortzen badugu, ziur nago gipuzkoarren mesedetan aurrera egitea lortuko dugula eta, horrekin batera, demokraziaren oinarriak sendotzen lagunduko dugula». EH Bilduri «eskua luzatu» diola esan du Mendozak, legealdian zehar bat etortzeko.

Jose Igancio Asensiok, PSE-EEren Gipuzkoako ahaldungai nagusiak, EAJrekin egin duten gobernu akordioa txalotu du: «Ez da erraza izango, baina, gure aldetik, gure enpatia, kolaborazioa eta inplikazio guztia eskaintzen ditugu, adostasun gobernu bat finkatu eta gipuzkoarrek merezi duten egonkortasuna, pluraltasuna eta ongizatea bermatzeko». Nabarmendu du sozialistak izango direla foru gobernuan «politika sozialdemokratak» txertatuko dituztenak.

Iriarteren hautagaitza

Iriartek esan du EAJren, PSE-EEren eta PPren artean «hiruko akordio bat» egon dela: «Ezer ez da dohainik ateratzen». Nabarmendu du ez dela herritarrek «eskatu dutena». Bozketa irabazi ez badu ere, Iriartek ere aurkeztu du bere hautagaitza ahaldun nagusi izateko. «Nire gobernua izango da garaiko erronka handiei erantzuna ematen hasteko, erantzun estrategikoak lantzeko gobernua. Beraz, feminista, ezkerrekoa, krisi klimatikoari, energia dependentziari, elikagaien dependentziari erantzuna emateko gobernua», nabarmendu du.

Gizarte politika da aldundiaren eskumen nagusietako bat, eta zaintza lanak «kolektibizatu, politizatu eta duindu» behar direla nabarmendu du: «Ezinbestekoa da demokratizaziorako bidean jauzi bat ematea, zaintza sistema publiko komunitario baterako bidean. Herritarrentzako erreferentzia publikoak sortu eta zaintzak baloratu, aitortu eta konpentsatzeko prozesua abian jartzea».

Zerga sistemari dagokionez, eredu «justu eta progresiboago bat» defendatu du. Gobernantza feminista ere aldarrikatu du, eta jai parekideen alde egin du: «Ni ahaldun nagusi banaiz, Irungo eta Hondarribiko alarde parekideak babesten egongo naiz».

Elkarrekin Podemoseko ahaldungai nagusi Miren Etxebestek nabarmendu du hasia den legealdian «aritmetikoki beharrezkoak» izango direla. Mendozari PPk babesa eman izana gaitzetsi du: «Ultraeskuinerantz goaz Gipuzkoan. Hori dirudi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.