KOMUNIKAZIOA

EITBk ostegunean itzaliko du ETBren seinalea Nafarroan

Espainiako Industria Ministerioaren agindua betetzera behartuta dagoela argudiatu du komunikabide publikoaren zuzendaritzak. Ioar, Erreniega eta Ezkabako hedagailuak itzaliko ditu. Hala eginda, ez digitalean, ez analogikoan; ia Nafarroa osoan ez da aukerarik egongo Euskal Telebista ikusteko.

Erreniega mendiko antenak zabaltzen du ETBko kateen seinale digitala Iruñerrirako. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
2016ko maiatzaren 3a
13:47
Entzun

Duela bi aste agindu zion Espainiako Gobernuak Euskal Irrati Telebistari "berehala" eteteko Nafarroako emisioa, UPNren gobernu garaian aurkeztutako helegite bati jarraituz. Hala egin ezean "ekipoen eta instalazioen zigilatzea" agindu du Madrilek, eta, agindua betez, ostegunetik aurrera ezingo da ikusi ETB ia Nafarroa osoan.

EiTBren zuzendaritzak adierazi du Nafarroako gizartearen eskariei erantzun diela orain arte: "Ministerioak hartutako erabaki horrek esparru erradioelektrikoaren okupazio baketsuaren oinarria hautsi du, hogei urte baino gehiagoren ostean, eta ETBk Nafarroan emititzeko hartutako erabakiak gidatu eta gero".

Era berean, Euskal Irrati Telebistak penagarritzat jo du "ministerioaren agindu horrek hiritar nafarrak kaltetuko dituela, ez baitituzte ETBren kanalak jasoko eta horrek oinarrizko eskubideen esparruan ere izango du eragina". Halaber, harridura adierazi du "soilik EiTBri egin zaiolako agindua, antzerako egoerak daudenean bai Nafarroan baita beste Autonomia Erkidegoetan ere, erakunde publikoen eta enpresa pribatuen partetik".

"Behin betiko konponbidea" bilatzeko, EiTBk adierazi du prest dagoela Nafarroako Gobernuarekin "estu" lan egiteko. Ministerioaren aginduaren berri izatean, Barkosen gobernuak adierazi zuen ez zekiela deus: salaketa kendu, eta etena gelditzeko eskatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.