Iruñerriko herri harresia antolatzen hasiak dira, eta ekainaren 22an plazara aterako dira Iruñean. Aritz Azkona, Luis Goñi, Xabier Sagardoi, Maider Caminos eta Mikel Jimenezen sententzia berrets dezakeen auzi saioa noiz izanen den jakin gabe ere, lanean dabiltza auzipetuak eta hainbat herritar. Dagoeneko hiru lantalde sortu dituzte, komunikazio estrategiak, harremanak eta ekintzak zehazteko.
Orain arteko lanaren emaitza agertuko dute Iruñean. Izan ere, herri harresia irudikatu eginen dutela aurreratu dute auzipetuek. Gazteluko plazan aske gune antzeko bat sortzeko asmoa dute. Bertan, hainbat jarduera eginen dituzte goizean, eta, ondoren, eztabaidatzeko toki bihurtu nahi dute plaza. Informazio gune bat ere prestatuko dutela azaldu dute, auzipetuen egoerari buruzko argibideak emateko.
Aste honetan bi bilkura antolatu dituzte. Lehenbizikoa ekainaren 12an izanen da, Barañaingo kultur etxean. 19:00etan abiatuko dute batzarra, eta auzi ezberdinengatik espetxeratuak izan daitezkeen barañaindarren egoera azalduko dute. Bigarren bilera ekainaren 13an izanen da, Zizurko kultur etxean, 19:30ean.
Bilerez gainera, hiru puntu nagusi dituen manifestu bat ere sortu du Eleak mugimenduak. Bertan gazte horien zigorra bertan behera uzteko eskatzen diote Espainiari, eta haien eskubideak defendatzeko konpromisoa adierazten dute. Azkenik, «elkartasun sare zabala» osatzeko deia egin diote gizarteari.
Ekainaren 22an herri harresia irudikatu nahi dute Iruñeko kaleetan
Eman beharreko erantzuna zehazteko batzordeak bilduko dituzte lehenago Zizur eta Barañainen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu