Azken 24 orduetan ez da beste kutsaturik atzeman Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroako datuak arratsaldean emango dituzte, baina, onak badira, eta aste honetan ere onak izaten jarraitzen badute, litekeena da datorren astelehenetik aurrera libre izatea Hego Euskal Herriko lurralde guztien artean mugitzea.
Hala adierazi du gaur Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministro Jose Luis Abalosek. Azaldu duenez, konfinamendua arintzeko prozesuko hirugarren fasean dauden erkidegoen artean mugitu ahalko da. Edonola ere, dena datuen eta erkidegoen erabakiaren araberakoa izango dela ohartarazi du. «Erkidego bakoitzak zehaztu ahalko du bere barneko mugikortasuna zenbaterainokoa izango den, eta baita fase berean dauden erkidegoen artekoa ere».