ETAren aldetik adierazpenen bat espero du Brian Currinek. Bruselako Adierazpenari eta ezker abertzaleak Iruñean egindako eskaerei emaniko erantzuna izango da adierazpen hori, Currinen iritzian, eta ekainean bertan izatea espero du. Euskadi Irratian elkarrizketa egin diote hainbat gatazka politikotan bitartekari aritu izan denari, eta erakunde armatuak su-eten eskariei erantzuna emango dielakoan dago.
Nolanahi ere, Hegoafrikako abokatuaren iritzian, dagoeneko su-etenean dago ETA, de facto-ko su-etenean. Garbi utzi du hori bere uste partikularra dela, baina ETAk joan zen abuztutik atentaturik egin ez izanak horixe ondorioztatzera eraman du. «Harrituko nintzateke ETAk etorkizun hurbilean erasoren bat egingo balu».
Sinetsita dago ezker abertzaleak bide politiko eta baketsuen alde egin duen apustua benetakoa dela. Ezker abertzaleak alde bateko erabakia hartu izanaren garrantzia azpimarratu du, eta orain Espainiako Gobernuaren txanda dela uste du; «nolabaiteko erantzuna eman behar du». Ezker abertzaleak hartu duen bideari lagundu egin behar zaiola iritzi dio, eta, haren esanetan, alderdi guztien egitekoa da hori, abertzale izan edo ez. «Ezin da ardura guztia ezker abertzalearen esku utzi».
Euskal Herrian ez da abiatu bake prozesurik oraindik, Currinen ustez. Gainera, esan duenez, mementoz ez dira betetzen prozesu hori abiatzeko baldintzak. Lan asko ikusten du egiteko bide horretan, baina azkenaldian sumatu dituen mugimenduekin, bake prozesu hori gertatuko den itxaropena ere badauka.
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak berari buruz esandakoez ere galdetu diote Currini Euskadi Irratian. Izan ere, ETAren alde aritzea egotzi zion Aresek. Abokatu hegoafrikarrak garbi esan zuen bera ez dagoela ETAren alde. Indarkeria gaitzetsi egiten duela azpimarratu du. Gainera, gogora ekarri du ezker abertzaleari eskatzen diola, «bere ardura ere badelako», ETAren jarduera amaitu dadin lan egiteko. Bere helburu bakarra bakea dela dio, ez duela inolako helburu politikorik jarraitzen. Horregatik, ETAk bakerako bidea egin nahi badu bera alboan izango duela berretsi du.
Bruselako Adierazpenaren sustatzaile nagusietako bat da Currin. Gatazkak konpontzeko eta bake prozesuetarako nazioarteko hogei lagun ezagunek martxoan egin zuten adierazpena. Hegoafrikan apartheid garaian eskubide zibil eta politikoen alde aritu zen lanean, eta Irlandako prozesuetan bitartekari lanetan ere aritu izan da. Hainbat hitzaldi emandakoa da Euskal Herrian, eta aste honetan ere gauza bera egingo du. Bihar Donostian izango da, 18:40an hasita, Kursaalean.
Ekainean ETAren aldetik adierazpenen bat espero du Brian Currinek
ETA 'de facto' menian dagoela uste du, eta orain Espainiako Gobernuaren txanda delakoan dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu