Ekaitz mediatikoaren erdian hasi da iazko sanferminetako bortxaketari buruzko auzia

Bost auzipetuek errugabetzat jo dute euren burua epaiketaren lehen saioan. Kasua Nafarroako legeen arabera epai dezatela eskatu dute elkarte feministek

Kazetari ugari, atzo, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren atarian. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2017ko azaroaren 14a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Dozenaka kazetari eta kamerari zebiltzan auzitegiko atarian, aurrera eta atzera. Zain. Iazko sanferminetako talde bortxaketari buruzko epaiketa 10:00etan hastekoa zen atzo, baina ordubete lehenagotik ezohiko jendetza suma zitekeen ingurumarietan. Espainiako telebista kate eta berri agentzietako langileak ziren asko eta asko. Debekatua zuten Nafarroako Auzitegi barruan grabatzea —ateak itxita egiten ari dira epaiketa—, eta kanpoaldean ziren denak, protagonisten adierazpenen edota irudien zain. Aspaldi ikusi gabeko ikusmin mediatikoa piztu du auziak Iruñean.

Atzo egin zuten epaiketaren lehen saioa Nafarroako Justizia Jauregian. Erasoa 2016ko uztailaren 7ko goizaldean gertatu zen, eta bost dira eraso matxista horri lotuta epaituko dituzten akusatuak; tartean, guardia zibil bat eta militar profesional bat. Fiskaltzak 22 urte eta 10 hilabeteko espetxe zigorra galdegin du bostentzat; akusazio partikularrak, berriz, 24 urte eta 9 hilabetekoa; Iruñeko Udalak 25 urte eta 6 hilabete eskatu ditu; eta Nafarroako Gobernuak, azkenik, 25 urte eta 9 hilabeteko kartzelaldia galdegin du. Sexu eraso jarraitua, intimitatearen kontrako delitua eta indarkeriaz eginiko lapurreta egozten dizkiete.

Auzipetuak datorren astean dira deklaratzekoak, baina hitza hartzeko aukera izan zuten atzoko saioan. Errugabetzat jo zuten euren burua, Agustin Martinez Becerra defentsako abokatuak kazetariei adierazi zienez. Akusatuetako batek, ordea, epailearen aurrean aitortu zuen biktimari sakelako telefonoa lapurtu ziola, baina indarkeriaz jokatu izana ukatu zuen. Oraingoz, herri akusazioek eta akusazio partikularrak uko egin diote hedabideen aurrean adierazpenak egiteari.

Epaiketa ateak itxita egitea erabaki zuen auzitegiak, salatzaileak «intimitaterako duen oinarrizko eskubidea» babesteko eta gehiegizko esposizio publikoa saihesteko. Biktimari bideokonferentzia bidez deklaratzeko aukera ematea eskatu zuten fiskaltzak eta akusazioek, baina auzitegiak baztertu egin zuen eskari hori. Hortaz, gaurko saioan deklaratu beharko du epaileen aurrean.

Andrea eta Lunes Lilas elkarteek, bestalde, agerraldia egin zuten atzo, biktimari «elkartasun osoa» adierazteko. «Ardura» eskatu zieten kazetariei, auzia jorratzeko garaian «genero ikuspegia» txerta dezaten. Halaber, salatu zuten akusatuak genero indarkeriaren Espainiako 2004ko legearen arabera epaituko dituztela, eta horrek ez dituela sexu erasoak genero indarkeriatzat hartzen. «Biktimari ukatu egin zaizkio hainbat baliabide; besteak beste, epaiketa azkarrarena, edota Madrildik deklaratu ahal izatearena», azaldu zuen Andreako ordezkari Tere Saezek. Hori dela eta, Espainiako legedia alboratu eta Nafarroako foru legea aplikatzea galdegin zuten.

Sexu eraso bat Barakaldon

Asteburuan sexu eraso bat jasan zuela salatu du emakume batek Barakaldon (Bizkaia). Hala jakinarazi zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak. Biktimak eginiko salaketan azaltzen denez, etxeko atarian egin zioten eraso. Barakaldoko Udalak «gaitzespen irmoa» adierazi du, eta elkarretaratzea antolatu du gaurko: 12:00etan izanen da, herriko plazan. Argitan emakumeen arretarako zentroak bat egin du deialdiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA