Euri, haize eta elur ekaitzak hartu du Euskal Herria eta, badaezpada, alerta egoera ezarri dute agintariek. Nafarroako eta Arabako hainbat errepide eta mendatetara batzuetara elurra iritsi bada ere, euri zaparrada handiak eta urtegi eta ibaien emana dira oraingoz orain kezka handiena sortzen dutenak.
EAEn, Eusko Jaurlaritzak krisi kabinetea martxan jarri du eta, batik bat, egoerarik kezkagarriena Bizkaian eta Gipuzkoan dagoela dio. Bizkaian dagoeneko arazoak dituzte Getxon eta Alonsotegin. Getxon ekaineko uholdeak gogoan hartuta larrialdi zerbitzuetako kideak lanean ari dira Fadura kiroldegiaren atzealdean, eta Gobelak gainez egingo duten beldur dira. Alonsotegin Kadaguak gainez egin du eta arazoak daude kale batzuetan. Arratia ibaia ere arazoak ematen ari da.
Gipuzkoan, berriz, Oria, Urola, Urumea eta Deba ibaiek alerta maila gainditu dute, eta Urumeak arratsaldean gainezka egin du Hernanin, errugbi zelai parean; beste hiru ibaiek ez, oraindik. Añarbeko urtegia ura askatzen ari da, %100ean baitago beteta, eta Aixola, Barrendiola eta Ibaieder urtegiak ere oso beteta daude.
Lapurdin alerta horia ezarri dute Errobi eta Urdazuri ibaien inguruan, eta, besteak beste, erreka horien bazterretan kontuz ibiltzeko eta ibilgailurik ez uzteko eskatu dute.
Iragarpenen arabera, datozen orduetan ere euria erruz egiten jarraituko du eta, halaber, gogor joko du ipar-mendebealdeko haizeak. Hori guztia dela eta, errepideetan kontu handiz ibiltzeko eskatu dute agintariek.
Dena den, euriaz gain elurra ere arazoak sortzen ari da zenbait lekutan. Esaterako, Nafarroako errepide nagusietako bitan, A-15ean eta N-121ean, elurra egin du goizean zehar. A-15ean Pagozelai inguruan egin du, baina ez du arazo larririk sortu. N-121ean Belaten bota du elurra, eta handik igarotzeko kateak erabiltzeko aholkatu du Foruzaingoak. Araban Herrera, Opakua eta Azazeta mendateetan 800-900 metrora elurra ari du.
Zehazki, errepide hauetan behar dira kateak eta dituzte arazoak elurrarekin:
Nafarroa:
Lizarraga: Kateak behar dira.
Urkiaga: Kateak behar dira.
Artesiaga: Kateak behar dira.
Meano: Kateak behar dira.
Erro: Kateak aholkatzen dira.
Belate: Kateak aholkatzen dira.
Araba:
Bernedo: Kamioientzako itxita eta kateak behar dituzte autoek.
Herrera: Kateak gomendatzen dira.
Opakua: Kateak gomendatzen dira.
Azazeta: Kateak gomendatzen dira.
Elurra garbitzeko hamabost bat ibilgailu lanean ari dira.
Bizkaia:
Urduña: Elurra.
Urkiola: Elurra.
Eguraldia
Ekaitzagatik alertan
Urumea ibaiak gainez egin du Hernanin, eta beste zenbaitek ere hala egiteko arriskua dagoela ohartarazi dute agintariek. Jaurlaritzak krisi kabinetea martxan jarri du. Elurra ere arazoak sortzen ari da zenbait errepide eta mendatetan. Datozen orduetan haize bolada handiak, euri zaparrada gogorrak eta elurra 800 metrora espero dira. Errepideetan arreta handiz ibiltzeko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu