Erabat aldatu zen eguraldia atzo: egunean zehar bero sapa izan zen nagusi Euskal Herrian, baina ekaitza iritsi zen gero. Ekaitz handia, gainera. Euskalmetek, esaterako, 14.000 tximista baino gehiago erregistratu zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Baionan ere ekaitzak kalteak eragin zituen leku askotan, eta suhiltzaileek toki ugaritara jo behar izan zuten laguntzera.
Bizkaian, uholdeak izan ziren zenbait herritan, eta hainbat ekitaldi bertan behera utzi behar izan zituzten.El Correo hedabideak jakinarazi duenez, Iurretan ordu erdi baino gehiago egon ziren argindarrik gabe, eta bertako komisaria urak hartu zuen. Sestaon, berriz, bertan behera utzi zituzten jaiak. Eta zuhaitzak erori ziren Zierbenan, Diman eta Ziortza-Bolibarren. Orotara, 22 esku hartze egin dituzte bart suhiltzaileek. Trapagaranera ere jo zuten, eraikuntza batean luiziak gertatzeko arriskua saihesteko, baita Durangora ere, transformadore batek su hartu zuelako.
Gipuzkoan ere zuhaitzak erori ziren errepidera, baina suhiltzaileek ez zuten irten beharrik izan ezer larririk konpontzera. Gorabeheraren bat edo beste izan zen, baina: Bruce Springsteen Donostian ematen ari zen bigarren kontzertua ordu erdiz gelditu behar izan zuten.
Ekaitzak kalteak eragin zituen Lapurdin ere, eta suhiltzaileek 30 esku hartze egin zituzten. Hainbat etxebizitza urez bete ziren, eta materialak eta kable elektrikoak bide publikora erori. Baiona inguruan tximisten 43 talka erregistratu zituen Keraunos tornadoen eta ekaitzen Frantziako behatokiak; Angelun, 25; Urruñan, 22; eta Arrangoitzen, hogei.