Donostiako Aste Nagusia

Ekaitzaren ondorengo kalte ekonomikoak "ia guztiz" estaltzea lortu dute Donostiako Piratek

Aste Nagusitik orain arte lortutako babesa eskertu dute piratek. 23.000 euro baino gehiago jaso dituzte.

Piraten agerraldia. JON URBE, ARP
2014ko urriaren 23a
08:04
Entzun

Sekulako ekaitza egin zuen abuztuaren 12ko gauean, Donostiako Aste Nagusi betean. Piraten La Flamenka gunean bigarren kontzertua hastera zihoan, baina eguraldia ikusita piratek gunea hustea erabaki zuten. Hala ere, kalte material handiak eragin zituen ekaitzak, eta horri aurre egiteko laguntza eskatu zuten piratek. Geroztik, babes uholde handia jaso dute, lehen unetik bertatik.

Kontu korrote bat zabaldu zuten dirua biltzeko, eta, gaur Donostiako Piratek egindako prentsaurrekoan azaldu dutenez, 20.000 euro inguru jaso dituzte. Bestetik, Aste Nagusian bertan Esne Beltzak eskainitako kontzertu solidaroan, 3.000 euro inguru bildu zituzten horretarako propio jarritako kuboetan. Horrez gain, piraten material ugari saldu zuten, eta hortik ere bildu zuten dirua. Beraz, horri guztiari esker, gau hartako kalteak "ia guztiz" estaltzea lortu dutela adierazi dute.

Horrekin batera, aseguruen inguruan sortu diren zalantzak argitu nahi izan dituzte piratek: "Edozein ekitaldi antolatzeko ezinbestekoa da aseguratuta egotea; Donostiako Piratok zorroztasunez betetzen ditugu baldintza hauek guztiak, noski. Gure lehentasuna jendearen segurtasuna bermatzea da, eta horren araberako aseguruak ditugu. Dena den, gisa horretako aseguruek ez dituzte jasandako kalte materialak estaltzen". Diru laguntza eskaera horregatik egin zutela argitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.