'Bateragune auzia'. Mobilizazioak

Ekimenez beteriko astea

Auzipetuei sostengua emateko, mobilizazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko hainbat herritan

Erdialdeko kaleak zeharkatu ondoren, Zuloaga plazan amaitu zuten Donostiako manifestazioa. G. GARAIALDE / ARP.
Erredakzioa
2011ko ekainaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bateragune auziko zortzi auzipetuek euskal herritarren sostengu zabala jaso zuten atzo epaiketaren lehen egunaren karietara eginiko mobilizazioetan. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan zeuden deituta manifestazioak,Euskal Herria Libre eta Legala. Eskubide guztiak guztiontzat lelopean, eta ehunka herritarrek parte hartu zuten bertan. Larunbaterako, berriz, manifestazio nazionala dago antolatuta, Epaiketa politikorik ez, aterabideak aurrera lelopean. Donostiako Antigua auzoko tuneletik abiatuko da, 17:30ean.

Atzoko manifestazioak Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak deitu zituen. Lau hiriburuetan irakurritako agirian, Espainiako eta Frantziako estatuei eskatu zieten «antzinako estrategiak» baztertzeko. Herritarrei, berriz, dei egin zieten «herri harresia» eraikitzeko, «legeztatzeen alde, errepresioaren aurka eta presoen egoera agenda politikoan sartzeko». Aurore Martinentzako babes hitzak izan zituzten mobilizazio guztietan.

Antzeko mezuak zabaldu zituzten manifestazio guztietan. Herritarrek eskuetan zeramatzaten afixetan, adibidez, elkarrizketaren, euskal gazteriaren eta euskal presoen eskubideen aldeko mezuak irakur zitezkeen. Halaber,gaur eguerdian Donostiako Zuloaga plazan irekiko den Aske Gunean parte hartzeko deia egin zuten.

Atzoko manifestazioa babestu zuten eragileen ordezkaritza zabala izan zen. Maiorga Ramirez eta Bakartxo Ruiz Bilduren Nafarroako Parlamentuko legebiltzarkideak eta Eva Aranguren eta Pello Martinez Eulate Iruñeko zinegotziek Nafarroako hiriburuan eginiko martxan parte hartu zuten, eta Bilbon, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidea eta Lander Etxeberria zinegotzi ohia, besteak beste.

Auzipetuetako batzuen herrietan ere egin zituzten elkartasun ekimenak atzo, Elgoibarren eta Burlatan, esaterako. Elgoibarren Arnaldo Askatu, Politika Askatu herri ekimenak egun osorako egitaraua prestatu zuen. Eguerdian hasi eta 19:00ak arte elkarretaratzea egin zuten Plaza Handian.

Burlatan, berriz, Txelui Moreno herrikideari sostengua emateko, 70 pertsona inguru bildu ziren udaletxearen aurrean.

Donostiako Aske Gunea

Uztailaren 2ra arte iraungo dute ekimenek. Eleak mugimenduak Gipuzkoako hiriburuko Zuloaga plazan gune iraunkor bat jarri du, epaiketari buruzko informazioa emateko eta hainbat ekimen antolatzeko. 12:00etan eta 19:30ean egingo dituzte elkarretaratzeak egunero, eta egun osorako era guztietako hitzaldi eta ikuskizunak antolatu dituzte.

Larunbatean, berriz, manifestazio nazionala izango da Donostiako kaleetan zehar. 56 pertsonaezagunek egin dute deia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.