Horra hor Euskaltzaindiaren goiburua bitara emana. Lehena, Azkueren garaikoa, XX. mende hasierakoa eta gaur arte iraun duena; bigarrena, aldiz, Gabriel Aresti poetak asmatua XX. mendeko hirurogeiko hamarkadan, aurreko esamoldearen fermutasuna ifrentzura jarrita. Bi garai, bi giro. Azkue, gerra aurreko gipuzkera osatuaren bultzatzaile, euskararen estandarizazioaren moldaketan. Aresti, ostera, berrogeita hamar urte geroago, euskara batuaren sustatzaile eta erabiltzaile sutsua. Artean, ageri-agerian, erakunde osoa, azken mende eta laurdenean euskararen jendea bildu duena, bospasei belaunalditan zehar.
Euskal Herri osoa bizi du Euskaltzaindiak, eta euskara eta euskarazko kultura ditu helburu bakarrak. Ehun urte pasatxo joanak dira Euskaltzaindia abiatu zenetik. Orduko euskararen egoera eta premiak eta gaurkoak ez dira eite berekoak. Batzuen ustez, euskararen batasuna egina da. Horren defendatzaileek alboratu egiten dituzte hizkuntzaren biziraupenean jokoan diren osagai linguistikoak eta soziolinguistikoak, hizkuntza baten nondik norakoek etengabeko lana eskatzen baitute, jarraitutasunean oinarritua.
Begi bistakoa da horrek gizartea adostasun zabalaren bila joatea eskatzen duela. Adostasun hori, alabaina, ezin da ulertu nork bereari eutsiz eta besteak, soil-soilik, norberaren asmo eta iritzietara makurraraziz. Prozesu horretan batera etortzeko gune erkideak moldatu behar dira, inposaketatik baino elkarren arteko lankidetzatik sortzen direnak.
Nabarmena da, bestalde, une honetan euskarari buruzko iritzi ideologikoek duten pisua. Horren atzean, demokrazia baten barnean, boterearen eskuratze zilegia dago, ahaztuz sarri-sarri gizarte zibilak berez dituen indarra eta esanahia. Gizarte zibil horren aurrean eta barnean, Euskaltzaindiak betidanik landu ditu, Iker eta Jagon sailetan, egun linguistika eta soziolinguistikaren molde kanonikoetan bereizten diren hizkuntzaren corpusa eta estatusa.
Nolanahi ere, XXI. mendearen laurdena igarota, lan horiek oinarri sendoak behar dituzte, besteak beste, Akademiaren digitalizazio eta profesionalizazioa, herritarrekiko zerbitzu bokazioa eta ezagutzaren transferentzia, nazioartekotze bideak ere saihestu gabe. Hur-hurrean du Euskaltzaindiak adimen artifizialaren mundua, eta horren aurrean bere burua prestatzen dihardu etengabe, etorkizuneko euskara estandarra horren bitartez gauzatuko baita.
Iker Sailean, egungo eta etorkizun hurbileko gaiak zedarriztatuta utzi ditu Euskaltzaindiak 2025. urteko lehen sei hilabetean. Hartara, euskal lexikografia arauemailea izan da nagusi betidanik Euskaltzaindiaren eginkizunetan, horretan baita euskararen batasunaren ardatza, neurri handi batean. Pauso esanguratsuak eman dira alor horretan azken aldiotan eta are esanguratsuagoak izango dira hurrengo urteetan emango direnak, egungo lanabesak eta euskararen esparruan ari diren hainbat eragilerekin batera aurrera joateko tenorean baitago euskararen Akademia. Horra Euskaltzaindiaren Hiztegia eta berrikitan ondu den Euskararen Erreferentzia Corpusa, elkarren osagarri eta aberasgarri direnak. Orobat, hizkuntzaren bizkarrezurrean diren morfosintaxiaren eta ahoskeraren arloak, horiek ere barneratuta baitaude estandar batean, ortotipografiarekin batera.
Horrek ez du esan nahi alboan uzten dituela bestelako kezkak, hala nola euskararen onomastika eta toponimia ikertzea eta arautzea, dialektologia eta literatura sortzea eta hedatzea eta, orobat, euskararen geroa ziurtatuko duten ikerketa soziolinguistikoak, nola historikoak hala gaurkotasun handikoak.
Aurrekoen zabalkunde lana ere bide beretik doa, eta hedatzaile egokia du Euskara Batuaren Eskuliburua, arrakastatsu eta baliagarri gertatu dena euskaltzale askorentzat. Hainbatez, zalantzarik gabea da Akademiak erakusten duen jomuga gizarteari zerbitzu egokia, kalitate handikoa eta berehalakoa eskaintzeko, horretarako erabiliz eskura dituen eta izango dituen tresna teknologiko garaikideak.
Horiekin loturik ere, zerbitzu bokazioaren aldetik egiten dituen bestelako ekimenak, dela komunikazioaren aldetik (www.euskaltzaindia.eus eta sare sozialak) dela Lautan Hiru edo Irailekoak egitasmoen bidetik, euskara bera sorkuntzaren bidez gorpuzturik ager dadin jendaurrean. Zer esanik ez, euskara bizia eta egokia ikertzeko eta hurrengo belaunaldiei helarazteko egitasmoak; hala nola Mintzola, ahozkotasunaren eramaile, eta Noeren ontzia, multimedia irakaskuntzaren bidez euskarazko testuen askotariko laginak erakusteko.
Jakitun da Euskaltzaindia, era berean, aurreko horiek hizkuntzaren corpusari dagozkiola, eta tresna aproposa izan nahi du Akademiak euskarak gizartean izan behar duen lekua erdiesteko. Horrek eskatzen du euskara bere osotasunean aintzakotzat hartzea, funtzio eta zeregin banaketa soilen gainetik, horiek zatikako adabaki hutsak baitira, inoiz ere irtenbide orohartzailea ekarriko ez dutenak.
Horretarako Euskararen gogoetagunea izeneko ekimena abiarazi da, adostasun zabal batean oinarritua dagoena eta xede duena hizkuntza politika erkide baterako oinarriak ezartzea, erdiguneak bilatuz eta muturreko jokaerak uxatuz. Hartara, prozesu hori dela medio, Akademiak hizkuntza komunitatea eta gizartearen komunitatea egokitzeko moldea formulatu nahi izan du, euskararen lurralde guztietara zabaldua eta mailakatua, lurralde bakoitzak duen nortasunari eutsiz, guztiak ez baitatoz historiaren ildo beretik.
Horrek ekarri du dagoeneko eta beste behin ere, zin-zinezko eta bitariko konpromisoa, pertsonala eta instituzionala, Euskal Herri osoko erakunde publiko zein pribatuetan. Horretan dihardu Euskaltzaindiak, harrokeriarik gabe, bikaintasunaren eta kalitatearen peskizan, guztion artean euskararen geroa ziurtatu ahal izateko. Obrak mintzo!