'18/98 auzia'

Ekin eta Xaki ETAren "bihotza" zirela argudiatu du Auzitegi Nazionalak epaian

Zumalabe Fundazioa, berriz, ETAren laguntzaile zela ebatzi du. Bost auzipetu errugabetu egin ditu. Gainerako guztiei zigor handiak ezarri dizkiete. Auzipetuak zigor politikoa jasotzera doazela salatzen ahalegindu dira irakurketaren hasieran, eta 'Eusko gudariak' kantatu dute. Kanporatu egin dituzte.

2007ko abenduaren 19a
17:10
Entzun
Ekin eta Xaki ETAko zati zirela frogatutzat eman du 18/98 auziko epaimahaiak; areago, ETAren "bihotzaren" zati direla esan du epaian.ETAk aparatu armatua ez ezik, politikoa ere baduela iritzi diote, eta Ekin adar politiko horretako parte izango litzateke; Xaki, nazioarteko atala. "(Ekin) ETAren bihotzaren zati zen, haren fronteetako baten buruzagitza osatzen zuen, fronte armatu eta politikoez gain erakundeak berak masa fronte edo fronte mediatiko deitzen zuenarena", agertu du Angela Murillo epaimahaiburuak epaia irakurtzean.

Joxemi Zumalabe Fundazioa, berriz, ETAren "laguntzailetzat" jo du epaiak. Egin egunkaria eta hura argitaratzen zuen Orain enpresa legez kanpokotzat jo, eta likidazioa agindu du.

52 auzipetuetatik 47 zigortu egin dituzte; hots, bost bakarrik errugabetu ditu epaimahaiak. Honakoak: Jaime Iribarren, Maite Mendiburu, Oiakue Aizpiri, David Soto eta Marta Perez.Horiek guztien kontra ez zegoen atxilotzeko agindurik. Beste auzipetu bat ere bazegoen atxilotzeko agindurik gabe, Jose Ramon Antxia, baina hari 2 urteko espetxe zigorra ezarri dio tribunalak.

Osterantzeko 46 lagunei zigor handiak ezarri dizkiete, 4 urtetik 22ra bitartekoak.Auzitegiak atzo aurreratu zuen epaia zigortzailea dela, eta zigorrak handiak direla; fiskalak eskatutakoak baino handiagoak. Auzipetuetatik 11 erakunde armatuko buruzagi direla erabakita zigortu dituzte; Beste 20 erakunde armatuko kide direlakoan zigortu dituzte, 14 talde armatuari laguntza eman diotela iritzita, eta bi helburu terrorista duen insolbentzia zigorgarriagatik.

Hasiera liskartsua

11:00etan hasi behar zuen 18/98 auziko epaiaren irakurketak Madrilgo Casa de Campon, baina 40 minutuko atzerapenez abiatu da. Hain zuzen ere, Angela Murillo epaimahaiko presidentea epaia ematen hasi denean, zigor politikoa salatzera doazela salatzeko ahalegina egin dute auzipetuek, eta zutik jarrita Eusko gudariak kantatzen hasi dira. Kanporatu egin dituzte haninbat. Hortik aurrera, 40 minutu iraun du epaiaren irakurketak.

Auzipetu gehienak espetxean

Auzipetuetatik gehienak dagoeneko espetxean daude. Izan ere, epaia jakinarazi aurretik, azaroaren 30ean, 52 auzipetuetatik 46 atxilotzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak, "ihes egiteko arriskua" zegoela iritzita. Horietatik gutxi batzuk baldintzapean libre utzi zituzten gero epaia irmoa izan arte, eta atxilotzeko agindua izan arren hiru ez dituzte atzeman. 43 kartzelan dauzkate.

18/98 auzian hainbat enpresa, komunikabide eta erakunde politikotako kideak auzipetu eta epaitu dituzte Baltasar Garzon epailearen ekimenez.Ekin, Egin egunkaria, Xaki edo Zumalabe Fundazioa bezalako erakundeetako kide izateagatik ETAKo izatea leporatzen diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.