Urtzi Errazkin. Etxerat-eko bozeramailea

«Ekintzetara pasatu eta konponbidea lortu behar dugu»

Balantzea egin eta aurrera begirako plangintza finkatzeko batzarra egin du Etxerat-ek: bake jokalekura bidean, sakabanaketa amaitzeko beharra nabarmendu dute preso eta iheslarien senide eta lagunek.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
Andoain
2016ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarte Etxerat-ek batzarra egin zuen igandean, urtero bezala. Hamabosgarrena aurten. Elkartearen hamabost urteko ibilbidearen balantzea egin zuten. Salatu zutenez, apenas aldatu den ezer Etxerat-eko kideentzat, zeren asteburuero, hutsik egin gabe, ehunka kilometro egin behar baitituzte errepidean, Urtzi Errazkin bozeramaileak azaldu duenez (Donibane Garazi, Nafarroa Beherea, 1975).

Garaiak aldatu arren, zuen egoera ez dela aldatu salatu duzue.

Hamabost urte luze hauetan ez da bide erraza izan, argi dago, bidean oztopo handiak izan ditugulako: eraso egin digute, gu deslegitimatzen saiatu dira, kriminalizatuak izan gara, benetakoak ez diren hainbat eta hainbat adjektibo jarri dizkigute... Komunikabideen aldetik isiltasun handi bat jasan izan dugu: batzuek beti ireki dizkigute ateak, baina beste askok muzin egin diote guk esandako guztiari. Guk aurrera jarraituko dugu, gure lana behar-beharrezkoa dela uste dugulako: gu geu gara gertatzen zaiguna ezagutarazteko bozeramaile onenak.

Etxerat-en inguruan ezezagutza handia dagoela salatu zenuten. Zerk egin du huts?

Argi dago ez dela interesatzen gure hitza publiko egitea, gizarte osoari iritsaraztea, eta, alde horretatik, blokeo handiak izan ditugu. Lehen esan bezala, kriminalizazio saiakera handiak izan ditugu, eta gure hitza deslegitimatzen saiatu dira behin eta berriz. Blokeo hori puskatzea oso-oso zaila da, botere mediatiko horiek iristen baitira gehien gizartera. Hala, oso zaila da jende guztiari ondo azaltzea Etxerat zer den eta zeintzuk osatzen dugun.

Laguntza hori sumatu duzue Euskal Herrikoen kasuan?

Batzuen aldetik beti izan ditugu ateak irekita; beti entzun gaituzte, gaituzue. Beste askok, berriz, alderantzizko bidea jorratu dute, gure ahotan jarriz gureak ez diren hitzak. Askotan esan dute ETAren aldarrikapenen bozeramaile garela, ETAko presoen kolektiboko senideak garela... Halakoak askotan erabili izan dira urteetan, eta badakigu halakoak, egiak izan ez arren, txertatu egiten direla gizartean. Dena den, azken hilabeteetan badirudi bide hori pixkatxo bat irekitzen ari dela.

Ametsetatik ekintzetara lelopean egin zenuten batzarra. Badira jauzi hori emateko baldintzak?

Hori da gure aldarrikapena. Oso ondo daude hitz politak, esatea sakabanaketa ez dela batere egokia, baina bada garaia hitzetatik ekintzetara pasatzeko. Ametsetatik ekintzetara pasatu, eta konponbidea lortu behar dugu. Egia da azkenaldian ikusten direla aldaketatxo batzuk, ez agian guk nahiko genituzkeen adinakoak...

Zeintzuk, adibidez?

Nafarroako Gobernuan izan den aldaketak ateak ireki dizkigu: Etxerat gisa jaso izan gaituzte, entzun gaituzte, eta sakabanaketaren aurkako mozio bat ere onartu zuten Nafarroako Parlamentuan. Azken istripuaren aurrean, hori salatu eta elkartasuna agertzeko ebazpena hartu zuen, bai istripua izan zuten senideekiko eta sakabanaketa jasaten dugun gainontzeko guztiekiko. Zenbait parlamentariren deiak ere jaso izan ditugu. Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere bai, EAJ ere alde egonik. Beraz, aldaketa txiki batzuk gertatzen ari direla ikusten ari gara: guk hainbestetan aldarrikatu bezala, instituzioak beren gain hartzen ari direla aldarrikapen hori. Benetako estatu demokratiko batean bagaude, instituzioek euren egitekoak bete beharko dituzte.

Baduzue harremanik Eusko Jaurlaritzarekin?

Harremanak bai, baina ez guk nahiko genituzkeen adinakoak. Egia da puntu honetan beti aurkitzen garela egoera berean: EAJk hitz politak izaten ditu beti sakabanaketaren aurka, eta senideei elkartasuna adierazten die, baina gero ikusten dugu oso motel doazela haien hitzak, oso ahulak izaten direla: ez dute erakusten bestelako gauzekin erakusten duten irmotasuna. Erantzukizun handia dute sakabanaketaren kasuan, haiek gabe ez bailitzateke sakabanaketarik egongo. Jada ez da eskakizun bat: exijitu egiten diogu EAJri benetan busti dadila,has dadila benetan pausoak ematen sakabanaketa amaitzeko.

Iazko otsailean bildu zineten Iñigo Urkullu lehendakariarekin. Izan duzue kontakturik ordutik?

Ez Urkullurekin, baina izan dugu harremanen bat edo beste Jonan Fernandez eta Monika Hernandorekin. Europarlamentariekin ere bildu ziren, baina gurekin zuzenean ez. Gainera, iaz Urkullurekin egon eta oso gutxira Etxerat-eko bi kide atxilotu zituen Guardia Zibilak, eta legebiltzarrak edo Urkulluk berak emandako erantzuna oso ahula eta kezkagarria iruditu zitzaigun. Salaketa gogor eta irmo bat ez egiteak min handia egin zigun.

Bakerako eta bizikidetzarako bidean, biktima guztien aitortzaren garrantzia nabarmendu izan da. Sakabanaketaren ondorioz, hamasei pertsona hil dira.

Duela hiru urte abiatu genuen sufrimenduaren aitortzaren inguruko eztabaida, eta, geroztik, gure lan ildoetako bat da. Beti esan dugu sakabanaketak gure senide eta lagunen eskubideak urratzen dituela, baita gureak ere. Ezin ditugu ahaztu sakabanaketak hildako hamasei biktimak: horiek ez daude oraindik inon aitortuak, bileretan hitzez onartzen diguten arren. Oker oso larria da. Benetako bake jokaleku batera bagoaz, eta benetan sinisten badugu biktima guztiak aitortu behar direla, has daitezela horien aitortza egiten, oso argi baitago zerk eragin dituen. Bisitak egitea guk erabakitzen dugu, baina erantzukizuna ez da gurea. Beste batzuk dira erantzuleak, eta erantzule politikoak dira.

Gizartea nahikoa mobilizatzen da sakabanaketaren aurka?

Ezingo nuke esan nahikoa dela, egoera berean jarraitzen baitugu. Ez gara adituak, ez gara politikariak, ez dakigu zer egin beharko litzatekeen honi konponbide bat emateko. Argi daukagu gizarteaksalatzen jarraitu behar duela, baina horrek laguntza handia izango luke alderdi politiko eta eragileek beren testu eta aldarrikapen guztietan sartuko balute gai hau.

Eragile politiko eta sindikalekin harremana duzue. Espero duzue, esaterako, Ahal Dugu sortu berriarekin hurbiltze bat?

Guk denei jo eta irekitzen dizkiegu ateak. Eta denei diodanean, denei da: Alderdi Popularretik hasita, Sorturaino. Ahal Dugu-rekin ere biltzeko asmoa eta nahia daukagu, haien iritzia jakin eta kontu honetan haiek zer egin dezaketen hitz egiteko. Oso argi daukagu arrazoia daukagula: datuak ematen ditugu, ez ditugu pentsamenduak plazaratzen. Datuak erabiltzea eta aldarrikatzea alderdiei dagokie: guk denei helaraziko dizkiegu, dudarik gabe.

Aurrera begira, zein lan ildo finkatu dituzue?

Hiru lan ildo nagusi dauzkagu, eta horiekin jarraituko dugu: senide eta lagunei laguntza ematea; testigantza, salaketa eta informazioa ematea gizarte osoari; eta, sufrimenduaren aitortzaren inguruan, jasaten dugun guztiaren inguruko lekukotza ematea, gurea ere beste hainbatekin batera onartua izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.