Ekologistak Martxan-ek 2026ko Atila sariak antolatu ditu

Ekainaren 5ean Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela eta, azken hamabi hilabetetan ingurumena suntsitzen gehien aritu diren norbanakoak eta erakundeak agerian utzi nahi dituzte.

Guggenheim Urdaibai Stop plataformak deitutako mobilizazio baten kartelak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Guggenheim Urdaibai Stop plataformak deitutako mobilizazio baten kartelak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
14789412 kepa
2026ko apirilaren 22a
12:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak jaso zuten Atila saria, Ekologistak Martxan taldearen eskutik, Urdaibaiko biosferan (Bizkaia) Guggenheim museo bat eraikitzeko proiektu «ekozida» aurrera eramaten saiatzeagatik. Azpiegitura horren kontrakoek, berriz, garaipen bat lortu zuten: proiektua geldiaraztea. Aurten ere sari horiek banatuko ditu Ekologistak Martxan-ek, «ingurumena suntsitzen lagundu duten pertsonak, erakundeak edo proiektuak salatzeko»; eta maiatzaren 31ra arte dago hautagaiak aurkezteko aukera.

Ingurumenaren Nazioarteko Eguna izendatu zuen NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak ekainaren 5a, 1972an, Stockholmen (Suedia) egindako ingurumenari buruzko munduko lehen goi bileran. Ekologistak Martxan-ek azaldu duenez, urtero egiten da NBEn Giza Ingurumenari buruzko Konferentzia, «ingurumenaren kontzientzia handitzeko eta ingurumena babesteko ekintza globala sustatzeko».

Horiek horrela, Ekologistak Martxan-ek eta Ecologistas en Accion taldeko gainerako federazioek urtero antolatzen dituzte Atila sariak.

Maiatzaren 31ra arte izango da hautagaitza aurkezteko aukera, Internet bidez, Ecologistas en Accion taldearen webgunean

Sariak 1992an eman ziren lehen aldiz, Rio de Janeiroko (Brasil) Lurraren Gailurrarekin batera, eta bi kategoria dituzte: Atila eta Atilaren Zaldia. Lehiaketa apirilaren 22an abian jartzen dute urtero; Lurraren Egunean, alegia. Edozein pertsonak jo dezake Ecologistas en Accion elkartera, norbanako edo erakunde juridikoren baten hautagaitza proposatuz, eta hark egindako «merituak» zehaztuz. Izendatuek sarietako edozein ataletan parte hartu ahal izango dute: ekintzarik ankerrena, tontakeriarik nabarmenena, natura suntsitzeko funts publikoak edo pribatuak bidegabe erabiltzea, eta lardaskeriarik handiena.

Aurten, maiatzaren 31ra arte izango da hautagaitza aurkezteko aukera, Internet bidez, Ecologistas en Accion taldearen webgunean. Epaimahaiaren erabakia ekainaren 4an jakinaraziko dute, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren bezperan.

Iazko sarituak

2025ean, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eman zieten Atila saria, Urdaibaiko biosferan Guggenheim museo bat eraikitzeko proiektu «ekozida» aurrera eramaten saiatzeagatik.

Atilaren Zaldia saria, berriz, euskal lurralde osoak jaso zuen, «armamentu industria indartsuari esker milaka pertsona hil dituzten gerretan egindako ekarpenagatik eta planetaren suntsipenean aktiboki parte hartzeagatik».

Iaz, gainera, «ohorezko sari bat» ere egon zen, «ingurumena eta biodibertsitatea suntsitzera bideratutako ekintzak abian jartzeko ibilbide zabala saritzeko». Saritua Amaia Barredo izan zen, gaur egun Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburua dena.

Ekologistak Martxan-en arabera, besteak beste, Ingurumen sailburuorde zenean Valogreene Paper (Bergara) enpresari ingurumen baimena emategatik eman zioten saria Barredori. Erabaki hori 2025eko maiatzean baliogabetu zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, gogorarazi dutenez. Horretaz gain, hark «otsoari etengabe egindako erasoak» aipatu dituzte. Horrekin lotuta, «argudio faltsuak eta partzialak jendaurrean erabiltzea» leporatzen diote ekologistek sailburuari, «datu zientifikoetatik urrun, eta otsoak abeltzaintzari kalte iraunkor eta konponezina egiten diola adieraziz». Era berean, otsoa Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezieen Zerrendatik kanpo uztea ospatzea leporatzen diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA