INGURUMENA

Ekologistak Martxan-ek Gaztelugatxeko aparkalekua handitzeko proiektua kritikatu du

 Donostiako Santa Klara uhartea gune turistiko bihurtzeko «asmoari» ere eman dio, besteak beste, Bandera Beltza saria

Bizkaiko Bermeo herrian dago Gaztelugatxeko Doniene ermita. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko ekainaren 30a
12:07
Entzun

Kudeaketa txarra argudiatuta edo kutsaduragatik, Bandera Beltza sariak ematen ditu Ekologistak Martxan-ek. Aurten Gaztelugatxeko Donieneko aparkalekuko proiektuari (Bizkaia) eta Donostiako Santa Klara uhartea gune turistiko bihurtzeko «asmoa» saritu ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Talde ekologistaren arabera, Gaztelugatxeko aparkalekua handitzeko proiektua «publizitate kanpaina baten barruan» kokatu behar da, eta Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza kritikatu ditu horregatik. Ekologistek gogoratu dute Game of Thrones telesaila filmatu zutela han, eta, orduz geroztik, «paisaia idiliko» horrek «gehiegizko» gorakada eduki duela. Dena den, proiektua etenda dago gaur egun. «Kostaldeko beste proiektu batzuekin gertatu bezala, auzotarren babesik ez du eduki, eta bertan behera uztea erabaki du Eusko Jaurlaritzak». Halere, asmoa bera «salatzeko», ingurumen kudeaketa txarraren Bandera Beltza eman dio talde ekologistak proiektuari —Gaztelugatxe gaur dira berriro irekitzekoak—.

Atal berean saritu dute Santa Klara uharterako «agintari politikoek» azaldu duten asmoa. Ekologistek gogoratu dute babes bereziko eremua dela EAEko Itsasertza Babesteko eta Antolatzeko Lurraldearen Arloko planaren arabera, biodibertsitate gune bat dela batez ere «hegazti faunarentzat». Ekologistek Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala kritikatu dituzte, uhartearen goialdean dagoen itsasargiaren bueltan Cristina Iglesiasen eskultura bat jartzekoak direlako, «turismoa erakartzeko elementu berri bat» bihurtuz leku hori. Ekologistak Martxan-ek salatu du ingurumen inpakturako azterketarik ez dutela egin instituzioek, eta nabarmendu du Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoak «gauzatu beharko ez litzatekeenaren adibide negatibotzat» jo duela proiektua.

Plentziako pantalana

Gainera, beste bi Bandera Beltz eman ditu Ekologistak Martxan-ek. Kutsaduraren saria eman dio Plentziako (Bizkaia) pantalana handitzeko proiektuari. Iruditzen zaio obrek eta horien ondorengo erabilerak «eragin handia» izango dutela Plentziako itsasadarraren ekosisteman. «Proiektuak egiturazko gabezia asko ditu».

Eta atal berean, Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) «saneamendua» kritikatu du talde ekologistak. «Herriaren zati baten eta bere inguruaren saneamendua Pasaiako badiara doaz zuzenean, inolako bilketa tratamendu prozesurik gabe». Ekologistek salatu dute instituzioek «behin eta berriz» agindu dituztela egoera konpontzeko neurriak. «Promesa horiek ez dira bete».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.