Ekonomia hezur-haragitara eramaten

Ekonomia feministari buruzko mahai ingurua egin du Bilgune Feministak. Kontzeptua birdefinitzeko eta jarduna birbideratzeko premia nabarmendu dute hizlariek.

Ezkerretik eskuinera, Naia Kortaberria, Sienra, Aboitiz, Moscoso eta Bregolat, atzoko mahai inguruan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ezkerretik eskuinera, Kortaberria, Sienra, Aboitiz, Moscoso eta Bregolat, atzoko mahai inguruan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2025eko irailaren 26a
12:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hezur-haragizko pertsonok egiten dugun esfortzua bizimodua aurrera ateratzeko». Berez oso sinplea da ekonomiaren definizioa, Uzuri Aboitiz antropologoaren arabera, baina adiera hori ez da nagusi izan azken hamarkadetan. Sistema kapitalista legitimatzeko helburua du ekonomiaz zabaldutako kontzeptuak. «Zerbait abstraktua da, inork ez dezan ezer ulertu», Joana Bregolat ikertzaile katalanaren hitzetan. «Teknokratizatu» egin da, Fernanda Moscoso ekonomialari txiletarrak erantsi duenez: «Ekonomia kudeatu egiten delako ideia gailendu da, ezin dela aztertu». Tesi hori hautsi egin du ekonomia feministak azken urteotan, atzo Bilboko La Sinsorga gunean Bilgune Feministak antolatutako mahai inguruan aztertu zutenez. Korapilo asko geratzen dira askatzeko, baina argi du Irati Sienra Bilguneko kideak: «Ekonomia feministak galderak egiteko eta utopiak zirriborratzeko aukera ematen digu».

Izan ere, iruditeriak arrakalatzea izan da ekonomia feministaren lehen egitekoa, sustrai sendoak baititu ekonomia ofizialaren ideiak. Kontzeptuaren inguruko eztabaida zaharra da, baina oraindik beharrezkoa, hizlarien arabera. Ibilbide historiko labur bat egin du Aboitizek: «Garai bakoitzean indartu den korronte ekonomikoaren arabera modu batean edo bestean ulertu da ekonomia. Izen-abizenak ipintze aldera, egungo adiera eskola neoklasikotik dator, eta ulerkera horrek eusten dio teorikoki ekonomia neoliberalari».

«Garai bakoitzean indartu den korronte ekonomikoaren arabera modu batean edo bestean ulertu da ekonomia. Egungo adiera eskola neoklasikotik dator, ulerkera horrek eusten dio teorikoki ekonomia neoliberalari»

UZUR ABOITIZ Antropologoa

Kontzeptua murriztailea dela erantsi du: «Kapitalismo industrialak behar zuen ekonomiaren definizio bat merkatuan zentratuta, teknikoa eta neutrala, eta politikoki esku hartu ezinezkoa. Aurrez ez zen produkzioaren eta erreprodukzioaren artean bereizten, eta orduan gauzatu zen banaketa hori, genero markei esangura emanez, lan pila bat ez-ekonomikotzat hartu ahal izateko». Kapitala esku gutxitan metatzea bilatzen du sistemak, eta horretarako hainbat zapalkuntza baliatzen dituela ekarri du gogora Bregolatek: «Desjabetzearen logikan oinarritzen da: zuk ez daukazu ezer, eta zerbait lortzeko zure lan indarra saldu behar duzu; eta, gainera, aurre egin behar diezu hainbat hierarkiari, sisteman oso ondo txertatuta daudenak».

«Guretzat ez da nahikoa beirazko sabaia apurtzea, gero kristal zatitxoak emakume batek jaso behar baditu doan edo soldata miserable baten truke»

IRATI SIENRA Bilgune Feministako kidea

Baina ekonomiaren egungo adiera hori ez da ideietara mugatzen; pentsamoldeak eta portaerak moldatzen dituela azaldu du Moscosok: «Egia eztabaidaezin gisara hartu dira ideia batzuk, eta pertsonen subjektibotasunean txertatu dira, auzitan jartzeko modurik gabe». Ekonomia ofizialaren definizioetako bati erreparatu dio, hain justu, zalantzan ipintzeko: «Esaten da ekonomia dela baliabide eskasak banatzea beharrizan infinituen aurrean. Gehiegi produzitzen duen eta aberastasuna lotsagabeki pilatzen den sistema batean hitz egin daiteke baliabide eskasei buruz? Beharrizanez ere horrela aritzeak ezkutatzen du premia horiek adostu daitezkeela, adibidez, baina ulertzera ematen dute beharrizanak bakarrik izan daitezkeela indibidualak, eta elkarren aurkako lehian daudela».

Egunerokoari lotuta

Aldiz, eredu mikroagoa defendatzen du ekonomia feministak, eguneroko bizimoduari lotua. «Ekonomia gizonen kontua omen da, baina gutxik dakite egiazko ekonomiaz etxekoandreek edo pobreek baino gehiago», esan du Sienrak. Bestelako eredu hori diseinatzeko bidean, feministek eginak dituzte zirriborro batzuk. Eta apustu sendoak: «Euskal Herriko mugimendu feministaren ibilbidean orokorra da sistema kapitalista zisheteropatriarkala inpugnatu nahi izatea. Gure proposamen politikoa da denon bizitzak erdigunean jarriko dituen antolaketa sozioekonomiko bat; hau da, baliabideak, kapitalaren metaketaren mesedetan jarri ordez, denok duintasunez bizitzera bideratzea».

Azken hamarkadetako borroka feminista ugari klase ikuspegitik egin direla nabarmendu du, eta arrazakeriaren aurkako jarduna ere ardatz bihurtu dela azken urteetan. «2018 eta 2019ko greba feministetan, hedabideetan ageri zen feminismo mainstream liberalarekin hautsi nahi izan genuen. Guretzat ez da nahikoa beirazko sabaia apurtzea, gero kristal zatitxoak emakume batek jaso behar baditu doan edo soldata miserable baten truke. Hori ez da gure feminismoa». Eta bide horrek goia jo zuen 2023ko greba feminista orokorrean: «Eredu ekonomikoaren oinarrian zaintza lanak daude, eta eredua aldatzeko zaintza lanen banaketa despatriarkalizatu, desarrazializatu eta desheterosexualizatu behar da».

«Pentsatu behar dugu nola bizi gure lurraldean ditugun baliabideekin. Eta horrek ez du zertan protekzionismorik ekarri, baizik eta berdintasunaz hitz egitea»

JOANA BREGOLAT Ikertzaile ekofeminista

Alternatibaren marrazketan, feministen bidelagun dira ekologistak, eta bestelako sistema horretan planetaren muga biofisikoak kontuan hartu beharra gogoratu du Bregolatek: «Bizia iraunarazteaz ari garenean, ezin dugu pentsatu egungo bizimodua mantentzea: gure kontsumoa eta mugikortasuna ez datoz bat iraunkortasunarekin. Pentsatu behar dugu nola bizi gure lurraldean ditugun baliabideekin. Eta horrek ez du zertan protekzionismorik ekarri, Trumpen erara; horrek zera dakar, berdintasunaz hitz egitea, lurraldean ez dauzkagun gauza batzuk ez kontsumitzeko kontzientzia hartzea, zerbitzu publiko duinak edukitzea...».

«Ia-iraultzaren» lezioak

Sistema horren aurka egitea, ordea, ez da erraza. Txilen 2019an izandako «ia-iraultzak» utzitako gogoetak ekarri ditu Moscosok: «Eredu neoliberala hautsi nahi izan genuen, eta topo egin genuen herrialde txiki baten muga egiturazkoekin: ekonomia global batean, atzerriko kapitalak eta inbertsio egileek eragozten dute egitasmo eraldatzaile batek aurrera egitea». Kapitalismoaren «gaiztotasunaz» ere mintzatu da: «Lurralde baten ongizatea beste lurralde baten ezinegonean oinarritzen da».

«Txilen eredu neoliberala hautsi nahi izan genuen, eta topo egin genuen herrialde txiki baten muga egiturazkoekin: ekonomia global batean, atzerriko kapitalak eragozten du egitasmo eraldatzaile batek aurrera egitea»

FERNANDA MOSCOSO Ekonomialaria

Munstroa, gainera, gotortzen ari da, eta mozorro berriak janzten. Aboitizek ohartarazi du finantza kapitalismoaren garaia abian dela, eta eremu horretako «desarautzea» probestuta, «zorpetze masiboa» bultzatzen ari dela. Eta hor ere, nabarmen zaurgarriak dira emakumeak eta migratzaileak: «Obedientziaren logika zabaltzen ari da: ordaindu behar duzu, eta horrek egituratzen du zure bizitza. Emakumeei egotzitako zaintzaren etikak zordun on bihurtzen gaitu, ordainduko dugulakoan, baina, aldi berean, finantzarioki arriskutsuak gara, diru sarrera apalagoak eta bizi baldintza okerragoak ditugulako orokorrean. Aurretiko desberdinkeriak indartu egingo dira kapitalismoaren fase honetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.