Politika

'El Pais'-ek berretsi egin du Ibarretxek jakin bazekiela ETAk su-etena egingo zuela galdeketarako legea onartzeko garaian

Luis Rodriguez Aizpeolea kazetariak eta Javier Moreno zuzendariak Madrilgo Instrukzioko 36. Epaitegian deklaratu behar izan dute gaur, Eusko Jaurlaritzak kereila sartu zuelako. Epaileak laster erabaki dezake auziarekin segitu edo ez.

2008ko urriaren 7a
16:40
Entzun
El Pais Espainiako egunkariak, uztailean argitaratu zuena berretsi du gaur Madrilgo Instrukzioko 36. Epaitegian: Eusko Legebiltzarrak ekainaren 27an galdeketarako legea eztabaidatu zuen garaian Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bazekien ETAk "su-eten txikia" egingo zuela. Horregatik kereila sartu zuen Jaurlaritzak, eta gaur inputatu gisa deklaratu behar izan du Luis Rodriguez Aizpeolea El Pais-eko kazetariak -honek sinatuta zegoen albiste hura- eta Javier Moreno zuzendariak lekuko bezala. Juan Antonio Toro epaileak hartu ditu.

Biek esan dute informazio hura "benetakoa" zela, eta "beti ondo" tratatu izan dutela Eusko Jaurlaritza. "Ez genuen esan Ibarretxek ezer hitzartu zuenik ETArekin, baizik eta honen erabakia baino ez zela izan", adierazi du Aizpeoleak. Iturriaren berririk ez dutela emango esan du Morenok, "eskubide konstituzionala delako".

Epaileak bost eguneko epea eman die bi parteei helegiteak sartzeko, eta ondoren erabakiko du auziarekin segitu edo artxibatu.

Galdeketarako Legea onartzeko aukerari oztoporik ez jartzearren ETAk atentaturik ez egitea erabaki zuela plazaratu zuen egunkariak, eta Ibarretxek bazuela horren berri. Albiste hark azaltzen zuenez, "ezker abertzalearekin lotutako pertsona baten eskutik" jaso zuen "mezua" lehendakariak.

Espainiako egunerokoak kaleratutako informazioa "gezur biribila" zela esan zuen Jaurlaritzak orduan, albistea plazaratu bezain laster. Aizpeolea kazetariaren aurkako kereila aurkeztu zuen Ibarretxek, gezurra esana eta irainak egin izana leporatuta.

EAJko, EAko, EBko eta Aralarreko parlamentarioek ez ezik, EHAK-ko batek ere egin zuen legearen alde, eta horregatik onartu zuen Legebiltzarrak gehiengo osoz. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak irailean debekatu egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.