Bilboko Udalak 35 lan eskaintza publiko zituen martxan urte hasieran, eta lanpostuen %70etan baldintza gisa ezarrita zegoen euskara mailaren bat egiaztatzea. Martxo aldera, baina, bertan behera utzi zituen prozesuak. Aldaketa batzuk egin eta gero, berriro kaleratu ditu: %70etik %40era murriztu ditu euskara eskakizunak. ELA sindikatuak iritzi dio erabakia «salagarria» eta «oso kezkagarria» dela, eta horregatik erabaki du auzitara jotzea.
ELAren iritziz, murrizketa horrekin ezinezkoa izango da arreta eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea. Hain justu, 285 lanpostuetatik 112tan eskatuko dute euskara maila egiaztatzea. «Portzentajea ez da %40ra iristen», adierazi du Iker Alustiza ELAren Bilboko Udaleko arduradunak, sindikatuaren hurrengo urratsen berri emateko Bilbon egindako agerraldian. Are, zehaztu du ez dagoela murrizketa hori egiteko agintzen duen inolako epairik.
«Bilboko Udalak eta euskal erakundeek euskararen kontrako oldarraldi hau borrokatu beharko lukete, dituzten baliabideekin»
IKER ALUSTIZAELA sindikatuaren Bilboko Udaleko arduraduna
Alustizak jakinarazi duenez, CCOO sindikatuak udalaren deialdi baten aurka egin zuen, iritzita euskara eskakizunak gehiegizkoak zirela. Espainiako Auzitegi Gorenak oraindik epairik kaleratu ez duen arren, udalak erabaki du deialdi guztiak aldatzea. «Prozesu guztiak atzera botatzeko mehatxuak egon dira, baina deialdi bakarrean egon dira erreklamazioak; erakunde publikoak euskalduntzeko prozesu betean, atzerapauso ikaragarriak egiten ditu udalak, soilik mehatxu bat eta gatazka juridiko bat daudelako», esan du.
Epai irmorik gabe udalak erabaki hori hartu izana «oso larria» iruditzen zaio ELAri. «Bilboko Udalak eta euskal erakundeek euskararen kontrako oldarraldi hau borrokatu beharko lukete, dituzten baliabideekin», nabarmendu du Alustizak. Udalak, berriz, kontrakoa egin du, sindikatuaren arabera: «Hori dela eta, murrizketa nabarmen bat izango da etorkizunean, eta arazo pila bat euskararen garapenerako».
«Jarrera euskarafoboak»
Gaur egun, udala «oso urrun» dago erakunde euskaldun bat izatetik, eta hartutako neurriak «atzerapauso bat» dira, Alustizaren arabera. Are gehiago, sindikatuak adierazi du udalaren erabakiak «jarrera euskarafoboak» babesten dituela, eta «euskararen eta hizkuntza eskubideen aurkako aktibismoa bultzatu».
Bestalde, ELAk gogoratu du azken urteetan «ia desagertu» egin direla langileek euskara ikasi ahal izateko udal laguntzak, eta ez dagoela «itzulpenerako programa zehatzik, ezta liberaziorik ere». Are gehiago, udalak ez du euskararen udal ordenantzarik.
Ikusi gehiago
Alustizak argi utzi du sindikatuak bere esku dagoen guztia egingo duela. Horregatik, erabaki dute aldaketa horiek salatzea eta auzitara jotzea. Edukia ez ezik, prozesuan izandako huts egiteak ere salatuko dituzte, esan dutenez, aldaketak «presaka» egin dituzte eta. Izan ere, euskararen arloko baldintzak murriztu ondoren, hautaketa prozesu berriak legezko betebehar guztiak alde batera utzita argitaratu dituzte, ELAk salatu duenez: «Dagozkien txostenak eskatu gabe, udaleko euskara teknikariekin adostu gabe eta ordezkaritza sindikalarekin negoziatu gabe».
ELAk udalari exijitu dio atzera egin dezala eta hautaketa prozesuak hasieran zeuden bezala gauzatu ditzala. Horrez gain, langileak euskalduntzeko plan bat eskatu dute, «epe jakin batean lanpostu guztietan euskara gaztelania beste eskatzeko helburuarekin, horretarako behar diren salbuespen eta baliabideak jarrita».