ELAk lan akordio bat sinatu du Beasaingo etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileekin

Matia Goxara enpresako langileei %14 igoko diete soldata, eta etxe batetik bertzerako desplazamendua «benetako lan denboratzat» hartuko da.

Etxez etxeko langile bat, lanean, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Etxez etxeko langile bat, lanean, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Iratxe Muxika
2025eko urriaren 24a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da ustekabean hartutako erabakia izan; ELA sindikatuak mobilizazio ugari antolatu ditu gaur arte, eta sei eguneko greba abisua eman zion Matia Goxara etxez etxeko laguntza zerbitzuko enpresari. Adostasun bat lortu ondotik, gaur goizean sinatu dute bi aldeek akordioa, sindikatuak kaleratutako ohar batean esplikatu duenez. 

Langileek begi onez hartu dute berria, eta «oso positibotzat» baloratu dute hitzarmena. 35 langile dira denera, eta 2026tik 2028ra bitarte izanen da indarrean. Bertzeak bertze, puntu hauek adostu dituzte, oharraren arabera: etxe batetik bertzerako desplazamendua «benetako lan denboratzat» hartuko da, soldatetan %14ko igoera izanen dute, 2025eko atzerapenak ordainduko dira, eta «hobekuntzak» eginen dituzte ordaindutako lizentzietan. 

Hitzarmena adostea lortu dutela ikusita, ELAk nabarmendu du mobilizazioak eta grebak egitea «oso garrantzitsua» dela «publikoa izan behar lukeen zerbitzu pribatu bat duintzeko». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.