Ertzaintza

ELAk «polizia ereduari» egotzi dizkio Ertzaintzaren barne arazoak

Mitxel Lakuntzak esan duenez, Ertzaintzan ideologia guztietako kideak daude, «baita eskuin muturrekoak ere»

Ertzainak ekitaldi bat jagoten Gasteizen. DAVID AGUILAR / EFE
gotzon hermosilla
2023ko ekainaren 8a
10:36
Entzun

Euskadi Irratiari egindako elkarrizketa batean, ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak esan du «polizia eredua» dela Ertzaintzan azken bolada honetan azaleratu diren arazoen iturria, eta Ertzaintzak «goitik beherako aldaketa» behar duela. Eusko Jaurlaritzari egotzi dio «polizia eredu jakin baten alde» egin izana, «alde batetik sindikatu korporatibistak bultzatuz, eta beste aldetik polizia azpikultura jakin bat sustatuz».

Ertzainei Arkautin ematen dieten prestakuntza ere kritikatu du Lakuntzak, eta erantsi du Ertzaintzan ideologia guztietako kideak daudela, «baita eskuin muturrekoak ere».

Lakuntzaren esanetan, Ertzaintzaren bilakaera hori ez da gaurkoa. Gogorarazi du garai batean ELA lehenengo sindikatua izan zela Ertzaintzan, baina geroztik kritikak eta «mehatxuak» ere egin dizkietela, Ertzaintzaren jokabide batzuk zalantzan jarri dituztenean. Besteak beste, Iñigo Cabacasen hilketa eta Tubacex enpresako langileen kontrako oldarraldiak salatu zituztenean «mehatxuak» egin zizkieten ELAko kideek, Lakuntzaren esanetan.

Erkoreka, hitz egiteko prest

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak esan du prest dagoela Ertzaintzaren sindikatuekin hitz egiteko, baina gogorarazi du sindikatuek berek erabaki zutela «negoziazio mahaitik altxatzea»: «Segurtasun Sailak ez du inoiz negoziaziorik apurtu. Hilabete asko iraun duen prozesu baten ostean eta berrogei bilera inguru egin ondoren, Ertzainak Borrokan mugimendua agertu zen, eta, orduan, sindikatuek erabaki zuten mahaitik altxatu eta, besterik gabe, mobilizazioekin bat egitea».

Erkorekaren arabera, «aztertzeko modukoak» dira sindikatuek azkenengo bileran planteatutako proposamen asko, eta horietako batzuk lantzen hasiak ziren: «Baina, orduan, sindikatuak joan egin ziren, eta ‘Jaurlaritzaren erabateko itxikeriaz’ ziharduen komunikatu bat atera zuten, bileraren edukia guztiz kontrakoa izan zen arren».

Aurreko astean, Ertzainak Borrokan mugimenduko kideek elkarretaratzea egin zuten Gasteizen, eta tranbiaren ibilbidea oztopatu zuten. Erkorekak baieztatu du aurrera jarraitzen duela gertaera horien ikerketak, baina ohartarazi du operatibo guztiak ez direla «berdinak», eta ikerketak «irizpide eta prozedura batzuen arabera» egin behar direla.

Bihar bilera

Ertzainak Borrokan izeneko mugimenduko kideek bilera egingo dute bihar Erne, Esan, Euspel eta Sipe sindikatuetako ordezkariekin. Haien asmoa da sindikatuekin «akordio historiko bat» lortzea ertzainen eskakizunen inguruan, «lan baldintza duinak lortu eta euskal segurtasun publiko berriaren hazia ereiteko».

Ertzainak Borrokan mugimenduak «ertzainen kolektibotik sortu eta kolektiboaren alde» lan egiten duen taldetzat definitu du bere burua, eta sindikatuak haren esparrura erakartzea du helburu. Horregatik, biharko bileran ados jarri nahi dute sindikatuekin planteatzen dituzten lan eskakizunen inguruan. Adostasunik lortuko ez balitz, mugimendua prest dago bere proposamena eta sindikatuena ertzainei aurkezteko, bozketa bidez bien artean aukeratu dezaten.

Sare sozialetan hedatutako agiri baten bidez, Ertzainak Borrokan mugimenduak salatu du Jaurlaritzak «erasoak, mehatxuak eta irainak» erabiltzen dituela mugimenduko kideen kontra: «Nostalgiaz gogoratzen dugu duela urte asko egon zela Segurtasun sailburu bat [Juan Maria Atutxa] bere indar guztiekin ertzainak defendatzen zituena, eta ertzainen eta euskal gizartearen alde bizia arriskatu ere egin zuena». Mugimenduak dei egin dio Jaurlaritzari «mehatxuen eta irainen bidea albo batera utzi eta elkarrizketari ekin diezaion».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.