Datorren azaroaren 26an eta 27an egingo du ELAk XII. Kongresu konfederala, Bilbon, eta Lizarra-Garaziko garaietara itzultzeko proposamena egingo du zuzendaritzak. Sasoi hartako "irizpide zibil eta demokratikoak" berreskuratu nahi ditu autodeterminazioaren bidean pausoak emateko asmoz. "Prozesu demokratiko eta subiranista egiteko aukera bakarra, Lizarra-Garaziko irizpideetara itzultzea da". ELAko Batzorde Nazionalak aho batez onartu zuen ekainaren 6ko bileran Batzorde Eragilearen proposamena.
Lizarra-Garazi akordioa 1998ko irailean sinatu zuten Euskal Herriko hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalek. Haien artean zen ELA.
Espainiako Estatuak Euskal Herriko gatazka konpontzeko borondaterik ez duela salatu du ELAk. "Dena dela, aipatutako bide hori egiteko gauza batzuek enbarazu egiten dute eta paretik kendu behar dira". Besteak beste, ETAri gelditzeko exijitu izan dio sindikatuak.
Kongresuko txostena gaur aurkeztu dute Jose Elorrieta idazkari nagusiak eta Adolfo Muñoz idazkari nagusiaren albokoak. Hain zuzen, ezusterik ezean, Muñoz bera izango da idazkari nagusi berria, Elorrieta erretiratu egingo baita; 1988tik egon da kargu horretan.
736 ordezkarik hartuko dute parte biltzarrean. Leloa Langileekin izango da, "sindikatuak langile klasearekiko duen konpromisoa adierazi eta nabarmentze aldera". ELAk ia 110.000 afiliatu ditu.
Arlo sozio-ekonomikoan, Gobernuak eta enpresarien elkarteak "eskutik helduta" dabiltzala dio ELAk, eta "espekulazioa eta pribatizazioa" nagusitzen ari direla politika sozialen kaltetan.
ELAk Lizarra-Garazira itzultzeko eskatu du
Sindikatuak azaroaren 26an eta 27an egingo du bere kongresua, eta zuzendaritzak gaur aurkeztu du biltzarreko txostena. "Irizpide zibil eta demokratikoak" berreskuratzea proposatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu