ELAk salatu du Bizkaibuseko gidari bati labanaz eraso diotela

Adierazi dute tentsio uneak areagotu egin direla, eta enpresek eta erakundeek ez dutela horiei aurre egiteko neurririk hartu. Elkarretaratze batera deitu dute etzirako.

Bizkaibusen autobusak, Bilboko Moyua plazan, artxiboko argazki batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
2021eko maiatzaren 4a
13:21
Entzun

ELA sindikatuak ohar bat atera du astearte goizean, salatzeko Bizkaibuseko autobus gidari bati eraso egin diotela goizean, 08:30ean, lanean ari zela. Bilbo-Eibar 3912 linean gertatu da: langileak maskara jantzi behar zuela esan dio Galdakaoko (Bizkaia) geltokian igo nahi zuen pertsona bati. Hark muzin egin dio aginduari, eta arma zuri batekin eraso dio.

Azkenaldian eraso ugari izan dira autobus gidarien kontra. ELAk adierazi duenez, eraso horiek areagotu egin dira osasun krisia hasi zenetik. Salatu dute langileak babesgabe daudela, eta Avanza Durangaldea enpresaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera «pasiboa» dela egoera horren inguruan. Babesgabe dauden eta tentsio egoerak ugaritu diren honetan protokolorik ezarri ez izana leporatu diete.

Hori salatzeko, ELAk elkarretaratze batera deitu du ostegunerako, maiatzak 6, 13:30ean, Bizkaiko Diputazioaren aurrean, Bilbon.

Erasoak ugaritu egin dira

Joan den udan, gisa horretako eraso larriak izan ziren Euskal Herrian. Uztailaren 5ean, Philippe Monguillot autobus gidariari bortizki eraso zioten Baionan, eta egun batzuen ondoren hil egin zen, jipoiaren ondorioz. Protesta jendetsuak egin zituzten gertatutakoa salatzeko, eta enpresa arduradunak adierazi zuen segurtasun neurriak zorroztuko zituela ondorengo hilabeteetan. Segurtasun agente gehiago jarri zituzten tranbusetan.

Bestalde, Iruñerriko autobus zerbitzuko gidariek eta hainbat taxilarik protesta egin zuten abuztuan, bi gidarik jasandako erasoak salatzeko eta segurtasun neurri gehiago eskatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.