ELAk sei greba egun antolatu ditu Gipuzkoako zahar etxeetan

Ekainaren 11n, 12an eta 13an, eta uztailaren 9an, 10ean eta 11n egingo dute greba. Sindikatuak patronalari egotzi dio lan hitzarmena adosteko bilerak «blokeatzea» aritzea.

Arabako zahar etxeetan iaz egin zuten greba egun bateko manifestazio bat, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Arabako zahar etxeetan iaz egin zuten greba egun bateko manifestazio bat, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko maiatzaren 21a
16:30
Entzun 00:00:0000:00:00

ELA sindikatuak sei greba egunetara deitu ditu Gipuzkoako zahar etxeetako langileak, patronala hitzarmen berri baterako negoziazioak «blokeatzen» ari dela argudiatuta. 5.000 langileren «lan baldintza prekarioei aurre egiteko», greba antolatu dute ekainaren 11rako, 12rako eta 13rako, eta uztailaren 9rako, 10erako eta 11rako.

Hitzarmen sektorial berri bat adosteko beharra nabarmendu du sindikatuak, Gipuzkoako zahar etxeetako patronalek azken urteetan hartu dituzten neurriek «langileen osasunari eta zerbitzuaren kalitateari kalte egin» dietelako: «Egoitzetako arreta zuzeneko orduak murriztu dituzte, eta horrek nabarmen handitu ditu lan kargak». Gainera, sindikatuak azpimarratu du kontratu partzial «gehiegi» daudela, «langileen %40k borondatezkoak ez diren kontratu partzialak» baitituzte. Neurri horien guztien atzean zerbitzuaren pribatizazioa dagoela iritzi diote sindikatuko kideek.

Ez da lehen aldia ELAk Euskal Herriko zahar etxeetako langileen egoera salatzen duena. Azken urteetan lan baldintzek txarrera egin dutela salatu du ELAk hainbatetan, eta urtarrilean Gipuzkoako zahar etxeen patronalekin negoziazioak abiarazi zituzten hitzarmen sektorial bat lortzeko. Lau bileraren ostean, patronalek ez diete jaramonik egin ELAren eskaerei. Arrisku psikosozialen plan adostu bat, zerbitzua euskalduntzeko baliabideak eta jarduna astean 32 ordura jaistea dira, besteak beste, sindikatuaren eskaerak.

Sindikatuak, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio esku hartzeko. Oharrean nabarmendu duenez, zerbitzuaren %90 diputazioak finantzatzen du, eta, hortaz, zahar etxeak «zerbitzu publiko» gisa hartu behar direla uste du. Horrenbestez, ELAk foru aldundiari eskatu dio neurriak hartzeko «zaintzak erdian jarriko dituen eta genero arrakala amaituko duen eredu bat ezarri ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.