EUSKARA

Ele biz jarri dituzte Iruñeko sarbideetako kartelak

Iruñeko euskalgintzak pozez hartu du albistea, aspaldiko eskaera bati erantzuten diola iritzita.

Aldatu dituzten karteletako bat. IRUñEKO EUSKALGINTZA
Ion Orzaiz.
2016ko ekainaren 24a
11:13
Entzun

Aspaldiko partez, "Pamplona" ez ezik, "Iruña" ere irakur daiteke Nafarroako hiriburuko sarbideetan. Izan ere, Nafarroako Gobernuak ele biz paratu ditu bide seinaleak, euskalgintzaren aldarrikapen zahar bati erantzuna emanez. Hain zuzen, Iruñeko Euskalgintzak "lorpena" izan dela nabarmendu du, aspaldiko eskaera izan baita.

2014an kanpaina egin zuen Euskalgintzak gaztelania hutsez zeuden kartelak alda zitzaten eskatzeko: “Izena gaztelania hutsean egonik, hiriaren izaera euskalduna ezkutatzen zen, Euskararen Legeak ezarritakoa urratzeaz gain”.

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren erregistroan eskaera egin zuten, artean Yolanda Barcina presidente zelarik: ”Isiltasunaren aurrean, Nafarroako Arartekoaren bulegoan kexa aurkeztu genuen”. Arartekoak arrazoia eman zien: bi izen ofizialak jarri behar zituen Gobernuak.

Kartelak euskaratzeko prozesua UPNren agintaldian hasi zen: 2015eko martxoan. Exekutiboak sei bide seinale aldatu zituen orduan. Gobernu berriari plangintza hori bukatzea egokitu zaio, eta halaxe egin du azken hilabeteetan: 2015eko urrian lau kartel aldatu zituen eta 2016ko apirilean, berriz, hiru kartel. Euskalgintzako kideek ohar batean adierazi dutenez, kanpaina “arrakastatsua” izan da, aspaldiko helburua lortu delako. “UPNren Gobernuak euskararen aldeko neurri hori hartu bazuen espero dezagun aldaketaren Gobernua ere legegintzaldia amaitu baino lehen euskararen aldeko neurriak hartzeko gai izatea”, diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.