Galiziarra zen sortzez Elena Cal Troncoso, Lamakoa, baina baziren hamalau bat urte Tolosan bizi zela, Gipuzkoan. Bertako gizon batekin ezkondu zen, eta gizarte zerbitzuek etxe bat jarri zieten. Baina senarra hil egin zen, eta handik aurrera gain behera hasi zen Calen bizitza. Azkeneko urteetan kalean eskean ibiltzen zen, eta txabola batean bizi zen, Monteskuen, geltoki inguruan. Hantxe eman zioten hilko zuen labankada, 2010eko urtarrilaren 17an, 45 urte zituenean.
Ikusi gehiago
Hiru lagun bizi ziren txabola hartan: Elena Cal Troncoso bera; garai hartan bikotekide zuen gizonezko bat, Txema Hernandez Cordero; eta Paulo Jorge Simao Pereira, hilabete batzuz Calen bikotekide izana zen beste gizon bat, eta jatorriz portugaldarra zena. Simaok hil zuen emakumea.
Hernandezek eman zuen erasoaren berri. Cali lepoan sartu zion labana Simaok, eta odol asko galdu zuen, baina larrialdi zerbitzuek lortu zuten berpiztea, eta Donostiako ospitalera eraman zuten. Ezin izan zuten gehiago egin, ordea, eta han hil zen.
Ertzaintzak bi gizonak atxilotu zituen. Bertsio diferenteak ematen zituzten, eta kontraesanak zituzten haien artean. Ez ziren guztiz argituko. Hernandez aske utzi zuten, eta Simao inputatu zuten. Azken horrek onartu zuen labankada berak eman ziola emakumeari, baina ez zuela hiltzeko asmorik, «aurpegia markatu» nahi ziola.
Epaiketa 2011ko urrian egin zuten, Donostian, urte eta hamar hilabete geroago. Argi geratu zen liskar bat eduki zutela txabolan. Simao bertan zegoen, eta bikotea iritsi zenean, eztabaidan hasi ziren. Simaoren arabera, emakumeak irain egin zion, luzaz, eta hodi batekin eraso egiten ere saiatu zitzaion. Erasoa gelditzeko sartu zion labana emakumeari, bere hitzetan, bere burua defenditzeko. Inoiz ez zuela hiltzeko asmorik eduki adierazi zuen. Hirurek ere alkoholarekin arazoak zituzten, gainera, eta hori aringarri gisa hartzeko eskatu zuen akusatuaren abokatuak.
Hernandezen arabera, ordea, Simao izan zen andreari mehatxuka hasi zena, makil batekin, emakumea defenditu egin zen, eta Simaok nahita sartu zion labana azkenerako. Erasoa egin ondoren ihesi atera zela ere erantsi zuen. Onartu zuen Simaorekin haserre zebilela bikotea azken aldian, gas bonbona txiki bat «lapurtu» eta gela gisa erabiltzen zuten txabolako txokoa katez itxi zielako. Forentseek adierazi zuten, bestalde, labankada zuzena izan zela, ez zuela «aurpegia markatzeko» egindako keinu baten itxurarik.
Zinpeko epaimahaiak Simaoren bertsioari eman zion sinisgarritasuna, eta ebatzi zuen «zuhurtziagabekeriazko homizidio» bat egin zuela; alegia, ez zuela nahita hil emakumea. Fiskalak kritikatu egin zuen ebazpen hori, eta zigor eskaria lau urtera jaitsi behar izan zuen epaia entzun ondoren (hamalau urteko zigorra eskatu zuen hasieran).
Epaileak, ordea, agindu zuen Simao aske uzteko. 2011ko urri hondarrean geratu zen gizona libre. 41 urte zituen hilketa egin zuen egunean, eta 43rekin atera zen kalera. Tolosaldeko Bilgune Feministak kezkatuta hartu zuen berria. Simao Tolosara itzuli zen aske gelditu ondoren, eta taldeak udalari eskatu zion gizona persona non grata izendatzeko, gizarte laguntzarik ez emateko, eta hildako emakumeen memoria goratzeko oroigarri bat jartzeko.