Suhiltzaileek ia kontrolpean dute Elgeako mendilerroan piztu den sutea

Atzo iluntzean piztu zen sua, Arriola eta Narbaiza artean, eta haizeak eta azken egunetako eguraldiak lagunduta hedatu da. Haizea geratzeko zain daude erabat kontrolatzeko.

Suhiltzaileak lanean Elgeako mendilerroan, gaur goizean. ARABAKO SUHILTZAILEAK
Suhiltzaileak lanean Elgeako mendilerroan, gaur goizean. ARABAKO SUHILTZAILEAK
Paulo Ostolaza.
2025eko urriaren 19a
19:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste baso sute bat piztu da Euskal Herrian. Atzo iluntzean piztu zen, 20:00ak aldera, Arriola eta Narbaiza artean (Araba), Elgeako mendilerroan, Gasteiztik 25 kilometro ingurura. Hego haizeak lagunduta, sua zabaldu egin da gauean, eta suhiltzaileek 13:00ak alderako lortu dute hura mugatzea, eta arratsaldean «ia erabat» kontrolatzea. Datozen orduetan haizea baretzeko zain daude, eta gaur gauean ere lanean segituko dute.

Arabako Foru Aldundiak azaldu duenez, suhiltzaileak lanean aritu dira gau osoan, baina azken egunetan euririk egin ez duenez eta mendia «zikin» dagoenez, azkar hedatu dira sugarrak. Erre direnak, batez ere, sastrakak eta iratzeak direla kontatu dute.

SOS Deiek, berriz, esan dute sua ez dela hiriguneetara hurbildu, ez dela etxebizitzarik hustu behar izan, eta ez dela inor zauritu.

Goizeko lehen orduan bide berriak ireki dituzte sua azkarrago itzali ahal izateko —sarbide zaileko leku batean piztu da sutea—, eta helikoptero baten laguntza ere izan dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako suhiltzaileak ari dira lanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.