Idazmahai askotako ohiko laguntzailea izan da. Etxeetako, lantokietako eta ikastetxeetako apalategi askotan ikus daiteke. Duela urte batzuetatik ohikoagoa da Interneteko laster-marken artean edukitzea edo sakelako telefonoan aplikazioa izatea. Elhuyar hiztegiak 30 urte bete ditu. Paperezko hiztegian egindako kontsultak ezin dira zenbatu. Interneten egindakoak bai: 75 milioi baino gehiago izan ziren iaz. Interneteko bertsioaren zabalkundea erakusten duten beste bi datu: hiztegiaren aplikazioa 100.000 aldiz baino gehiagotan deskargatu da, eta webguneak astean 150.000 bisita izaten ditu, batez beste.
Hiztegia oraindik «erreferentziazkoa» dela nabarmendu du Elhuyarrek 30. urteurrenean. Paperezko lehen hiztegi elebiduna euskara-gaztelania hiztegia izan zen. Gaur egun, ordea, hiru hiztegi dira: euskara-gaztelania, euskara-frantsesa eta euskara-ingelesa. «Proiektu bizia da, hiztegia etengabe eguneratzen da», azaldu du Elhuyarrek. Iaz 2.800 sarrera inguru eguneratu zituzten: horietatik 2.000 berriak, eta 800, lehen zeudenen moldaketak. Iazko sarreren eguneratzean bereziki landu zuten genero ikuspegia, «hiztegian desberdinkeriarik eta bereizkeriarik gabeko tratamendua bermatzeko».
Erabiltzaileen proposamenak
Eguneratzeak egiteko aintzat hartzen dituzte Euskaltzaindiaren hiztegian egindako eguneratzeak, erabiltzaileen iruzkinak eta proposamenak, eta hedabideetan zein bestelako argitalpenetan agertzen diren hitz eta erabilera berriak.Â
Elhuyarrek 30 urteotako bilakaera fisikoan eta teknologian egindako urratsak laburbildu ditu: 1996an sortu zen, eta paperezko lehen edizioarekin batera CD-ROM formatuan ere atera zuten; 1999an kaleratu zuten Interneteko lehen bertsioa; 2004an gehitu zuten frantsesa-euskara hiztegia; 2007an, ingelesa-euskara; 2011n garatu zuten sakelako telefonoetarako aplikazioa; eta 2023an, ordenagailuetako aplikazioa, Windows, Linux eta Mac sistema eragileetarako.